PSE-EE harrituta, Udal gobernuaren «gelditasunagatik»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 27a, 00:00

«Onartezina da EH Bilduko udal gobernuak esatea festa batzordearen erabakia errespetatutako duela, eta Kontseilu Sozialistak baimenik gabe txosna jartzea ahalbidetzea» azaldu du alderdi sozialistak. 

Hernaniko PSE-EEk alkatearen lidergo falta kritikatu du «orain arte defendatzen ari zena inposatzeko orduan, hau da,  San Joan jaietan txosna gehiago ez baimentzea». 

Sozialistentzat, gobernu taldea «barregarri» geratu da eta GKS botatzen ari zaion pultsua galtzen ari dela ere azpimarratu du, eta jarraian ondoko galdera bota du: «erabaki hori San Joanetako bizikidetzaren eta lasaitasunaren mesedetan hartzen bada, zergatik ez zen utzi txosna hasieratik jartzen?». 

Jarraian, PSE-EEk dio ez dela onargarria udal gobernu batek amore ematea «Udalean ixten den edozein talderen presioaren aurrean. Auzokoren batek antzeko ekintzak egin izan balitu, emaitza guztiz desberdina izango zen. Karabeleko bizilagunak udaletxean sartuko balira, aparkaleku arazoak konponduko lituzkete? Tabernetako jabeek herriko sarrerak mozten badituzte, pandemian baimendutako terrazak mantenduko lituzkete?». 


«Prentsaren bidez jakin dugu itxialdiaren amaiera noiz izan zen»

Sozialisten arabera, «ez dago politika okerragorik beroan eta elkarri eman dizkiogun bizikidetza arauak errespetatu gabe egiten dena baino». 

Era berean, sozialisten ustez alkateak ez die oposizioko gainerako bozeramaileei gatazkaren bilakaeraren berri eman: «soilik jakinarazi zigun bulegoak giltzaz itxita eduki behar genituela itxialdia hasi zenean, eta hura amaitzeko gestioak egiten ari zela, besterik ez. Prentsaren bidez jakin dugu itxialdiaren amaieraren eta GKSren txosnaren berri». k
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!