Bihar emango zaio hasiera San Fermin txapelketari, Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 26a, 00:00
Ostegunean aurkeztu zuten, San Fermin txapelketa

Aurreneko jardunaldiak izango dira bihar eta uztailaren 4an, arratsaldeko 18:00etan hasita, Galarretan. 

Bihar hasi eta uztailaren 15ean, ostirala, amaituko den erremonteko San Fermin txapelketaren edizio berri baten aurkezpena egin zen ostegunean Donostian, Construcciones Sukiaren egoitzan.
Txapelketa honek lau bikote izango ditu, ondokoak hain zuzen ere: Urriza-Labaka, Aldabe-Barrenetxea IV, Ansa II-Azpiroz eta Ezkurra II-Juanenea.
Txapelketa bost jardunalditan jokatuko da. Bihar, uztailaren 4an eta uztailaren 7an denen aurkako ligaxkako partiduak jokatuko dira, eta uztailaren 9an, larunbata, finalerdia jokatuko da. Eta uztailaren 15ean, berriz, finala.
Partiduak Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko dira. Lehenengo eta bigarren jardunaldiak, izango dira bihar, eta uztailaren 4an, 18:00etan hasita. Ligaxkako hirugarren jardunaldia uztailaren 7an, ostegunean, jokatuko da, 16:30etatik aurrera, uztailaren 9ko finalerdia bezala. Final haundia, berriz, uztailaren 15ean jokatuko da, 18:00etatik aurrera.
Partiduak 30 tantora jokatuko dira eta Sagardoaren Txapelketan bezala puntuatuko da, hau da: lau puntu irabazleak; bi puntu 29-27 tantoren artean egiten duenak; puntu bakarra 26-24 tantoren artean egiten duenak; ez du puntuatuko 23-17 tantoren artean geratzen den bikoteak; eta puntu negatiboa izango du 16 tanto edo gutxiago egiten dituenak. Urriza eta Aizpuru II izan ziren iazko irabazleak, finalean Ansa II-Larrañaga bikoteari irabazita. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!