San Joanak

Bizkarrak bero-bero, kaleak koloretsu eta kopak airean, Koadrilen Egunean

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 25a, 00:00

Sekulako erritmoa erakutsi zuten partehartzaile guztiek atzo, Dantza Suelto Txapelketan.

Egun haundia izango da gaurkoa, aurreneko Axeri Dantzarekin, eta herria egun osoan dantzan jarriko duten emanaldiekin.

Berezia izan zen atzokoa, San Joan eguna, familia giro goxo eta lasaiean gozatzekoa. Diana jendetsuak esnatu zuen herria, eta eguerdira arte luzatu zituzten beren doinuak, Hernaniko Txistulari Bandak eta Musika Bandak. Gainera, haurren danbor hotsek ere hartu zuten Kaxkoa, goizean. Eta arratsaldetik gauera, eserita gozatzeko emanaldi ugari izan ziren, dantza, magia eta musikarekin, zezen suzkoak denak korrika jarri aurretik.

Ikuskizun 'arriskutsua' eskaini zuen Tor magoak, Urbieta kalean.


Oso bestelakoa izango da gaurkoa, Koadrilen Eguna. Askoz ere goizago esnatuko ditu herritarrak, dultzaineroen dianak; eta aurreneko sokamuturrak hartuko du Kaxkoa, goizean goiz. Ondoren, estreinakoz aterako da helduen Axeri Dantza ere, gaupaseroen zein goiztiarren bizkarrak berotzera.

Maxkurien kolpe hotsei, Santa Barbara txarangaren doinuek hartuko diete erreleboa, eta eguerdian aterako da Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsa, bigarrenez, Axeri Dantzan libratu diren atzealdeak gorritzera. Eta kalejira bukatzean, hitzordu seinalatua Plazan: Koadrilen arteko brindisa egingo dute, 13:00etan, kaleak kolorez bete aurretik.

Danbor hotsez bete zuten Kaxkoa haurrek, atzo goizean.
 

Arratsaldetik gauera, berriz, makina bat emanaldi izango dira, adin guztietako herritarrentzat. Herriko txoko guztietara zabalduko dute musika Zuttik Elektrotxarangak eta Incansables txarangak kalez kale, eta Revuelta anaiak eta Patxi Saiz abeslariek, Patxi eta konpainia taldeak eta Laket taldeak, plaza ezberdinetan. Gainera, ekintza berezia prestatu dute Loratuz Lotu eta EGHAM taldeek, LGBTI+ Harrotasunaren Egunaren harira: Harrotasun aldarrikapen karroza aterako dute kalera, 17:30etan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!