Uztailean, aholkularitza juridikorako txanda eskatzeko aukera egongo da

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 25a, 00:00

Aukera izango da hitzordua hartzeko 'kulturartekoplazafeminista@hernani.eus' helbidean edo 943 33 70 17 telefonoan.

Kulturarteko Plaza Feministaren (KPF) zerbitzuen eta eskaintzaren artean dago aholkularitza juridikoarena. Helarazi berri dutenez, uztailean, txanda eskatzeko aukera izango dute herritarrek. Hori horrela, bi bide zabaldu dituzte hitzordua hartzeko: 943 33 70 17 telefono zenbakira deituta; edo, bestela, kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidera mezua idatzita.

Azaldu dutenez, zerbitzu horren bidez, «emakumeenganako diskriminazio eta indarmeria egoeren gaineko informazio juridikoa eskaintzen da ikuspegi feministatik». Hori oinarri hartuta, lantzen dituzte, besteak beste, indarkeria matxista (genero indarkeria, sexu erasoak, sexu jazarpena, eta abar), banaketa, dibortzioa, mantenu pentsioa ez ordaintzea, eta bisita erregimenak ez betetzea, beste hainbat gairen artean.

 

Udaran, ordutegi aldaketa

Urtaro aldaketa izan berri dugun honetan, udaran ordutegi aldaketa izango dela jakinarazi dute KPFkoek. Hain zuzen ere, goizeko ordutegia izango dute datozen hilabeteetan. Uztailaren 1etik hasita irailaren 2ra arte, plaza irekita egongo da goizeko 09:30etatik arratsaldeko 14:00ak arte. Gero, betiko ordutegia berreskuratuko da: astegunetan, 09:30etatik 21:30etara; larunbatetan, 09:30etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!