Zalantza guztiak airean jarri zituen eguraldiaren iragarpenak, atzo arratsalde-gauerako: euria ez ezik, ekaitza ere iragarrita zegoen, eta kolokan jarri zituen San Joan bezperako ospakizun bereziak: Akelarrea, errondak, San Joan sua, aurreskua eta Kantaita. Baina hiru urteko itxaronaldiaren ondoren, bazuen indar nahikorik suak, eta euriak agerraldia egin zuen arren, ezin izan zuen iluntze berezia oztopatu.
Aterrunea aprobetxatuz, kaleak dantzan jarri zituen Akelarreak, eta kantuan Ohitura Zaharrak abesbatzak. Eta ohi bezala, Musika Banda arduratu zen San Joan bezperako doinuak aireratzeaz, Plazako ekitaldia giro goxoan ospatu aurretik: Akelarrearen antzerkia, herritarrek suaren aurrean dantzatutako aurreskua, eta Kantaitaren erritoa, uzta oparoaren eske.