Gipuzkoako lau t'erdiko finala gaur, Paul Ojuelek

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 24a, 00:00
Paul Ojuel, gantxo bat egiten.

Zegaman jokatuko du hernaniarrak, 20:30etan hasita, Tartaloetxeko Matxinandiarena kontrario duela.

Zortzi partidu bakarrik, baina bi zita oso garrantzitsu izango dituzte asteburuan, esku pelotari hernaniarrek. Izan ere, final bana jokatuko dute Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak.

Gipuzkoako Txapelketaren finala jokatuko du Paul Ojuelek, lau t'erdian, nagusien lehenengo mailan. Zegamako Toki Alai frontoian ariko da hernaniarra, gaur iluntzeko 20:30etan hasita; eta Tartaloetxeko Matxinandiarena izango du kontrario, txapela lortzeko lehian.

Oso partidu parekatua espero da, eta hernaniarraren esperientzia izan daiteke gakoa, txapela ekartzeko. Ojuelek sei partidu jokatu ditu txapelketa honetan, eta oraindik ez du bakarra galdu. Aurreko asteburuan, Orbegozo oriotarra menderatu zuen semifinalean (22-13).

Markel Lizeagak, berriz, San Juan Txapelketaren finala jokatuko du bihar, 12:00etan hasita Urre­txun. Soraluzeko Aitor Mendizabalekin batera ariko da hernaniarra, eta Mata eta Elizegi izango dituzte kontrario. Partidu zaila izango dute, afizionatu mailako bikote onenetakoa baita Matak eta Elizegik osatutakoa; baina sasoiko dago hernaniarra, eta Mendizabal profesional ohiaren esperientzia baliatu dezakete, txapela janzteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!