Hilabeteetako jai etenaldiaren ondoren, Hernanik San Joan jaiak hasi zituen atzo eta Hermuba kalera itzuli zen hernaniarrak herriaren berezko doinuekin girotzeko asmoz.
Gaur, ekainaren 24an, San Joan egunean, Dianan irtengo dira Txistulari Bandarekin batera Mendirik mendi doinuarekin eta ohiko kontzertua egingo da udaletxeko arkupeetan, 13:00etan.
Ospakizun horretan, Roberto Pacheco zuzendari hernaniarraren gidaritzapean, taldeak Juan Amador Jiménez maisuaren Ayamonte pasodoblea aurkeztuko du. Gainera, Jan de Haan holandarraren Overture to a New Age interpretatuko da eta Leonard Bernsteinen West Side Story musikalaren pieza bilduma bat.
Musikarientzako pieza anitzez gain, San Joanen kontzertuko pieza klasikoak ere eskainiko dira, hala nola Torre- Muskiz Kondearen Igarondo pieza tradizionala.