Musika izango da gaurko eguneko protagonista, baina, horrez gain, beste hainbat egiteko ere izango dira herrian. Magia, adibidez, egitarauan egongo da gaur. Tor magoak Amarru ikuskizuna eskainiko du arratsaldeko 18:00etan, Urbieta kalean.
Aurreratu dutenez, adin guztietako herritarrentzat zuzendutako emanaldia da, ordubetekoa, gutxi gorabehera. Gainera, magia erakustaldiak umorea izango du oinarri, eta parte-hartzailea izango da, ikusentzuleek oraindik eta gehiago goza dezaten. «Sorginkeria, arao eta amarruz beteriko liburu batetik abiatuz, Tor magoak ikusle guztiak harrituko ditu egoera guztiz magikoekin», kontatu dute sinopsian.
Tor magoak haurrei luzatu die deialdia, bereziki, baina herritar guztiak daude gonbidatuta: «Familia osoarentzako ikuskizuna da gaurkoa, gurasoek gozatzeko espreski diseinatutakoa, eta umeek ez ezik, helduek ere primeran pasako dute!».