San Joanetako egitarauaren barruan, manifestazioa deitu dute gaurko. Maite zaituztegu lelopean, kalera aterako dira Hernaniko euskal presoen senideak, lagunak, eta bertaratzen diren herritarrak. Arratsaldeko 19:30etan izango da, Plazan, eta gerturatzeko deia luzatu dute.
«Euskal preso iheslari eta deportatu guztiak kalera!», aldarrikatu dute zabaldutako deialdian. Urtero antolatzen dute gaurko manifestazioa, herriko jaietan, San Joanetan, eta plazan biltzen dira euskal preso, iheslari eta deportatu guztien aldeko aldarrikapenak egiteko.
Oraingoak ez dira nolanahiko egunak, eta horregatik, hain zuzen ere, deialdi berezia egin nahi izan dute aurtengoan ere. Gaurkoan, San Joan egunean, etxean ez daudenekin gogoratuko dira. Ostiralero antolatzen duten azken kontzentrazioaren deialdian, preso senideei eskubideak errespetatzen ez zaizkiela salatzeaz gain, gogorarazi zuten gaur egun 13 hernaniar daudela preso espetxean: «horietatik 2 gaixo larriak dira, Ibon Fernandez Iradi eta Garikoitz Arruarte Santa Kruz».