Oporraldiaren hasieraz gozatzeko egunak, etxeko txikienek ere

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 23a, 00:00
Tor magoa Urbieta kalean izango da bihar.

Denetik izango dute, jaietan ondo pasatzeko: jolas parkeak, magia ikuskizunak, erraldoi eta buruhaundiak, pottokak eta zezen txikiak...

Ikasturtea bukatuta eta oporraldia hasi berri, gozatzeko eta ospatzeko egunak izango dituzte San Joanetakoak, haur eta gaztetxoek ere. Are gehiago, beraiek izango dira protagonista nagusiak gaurkoan, goizetik arratsaldera, makina bat ekintzarekin. 

Baina bihartik aurrera ere, izango dute zerekin gozatua, herriko festetan. Bihar goizean, esaterako, dozenaka haur aterako dira kalera, danborrak eta barrilak hartuta, doinu alaiak zabaltzera. Gogotik aritu dira entsaiatzen Santa Barbara eta Etxeberri elkarteetako danborradak, biharko egunerako. Eta arratsaldean, aho zabalik utziko ditu denak Tor magoak, Amarrua ikuskizunarekin.

Egun haundia izango da larunbatekoa ere, etxeko txikientzat. Goiz osoan zehar izango dute haurrentzako parkea Atsegindegin; eta txu-txu trenean ibiltzeko aukera ere izango dute, Latsunbe auzoan. Eguerdian, be­rriz, jaietako bigarren irteera egingo du erraldoi eta buruhaundien konpartsak. Eta arratsaldean, pottokak eta zezen txikiak izango dituzte Latsunbe auzoan.

Igandean ere, buruhaundiei ihesi ibiliko dira gaztetxoak eguerdian, eta pottokak eta zezen txikiak izango dira berriro Latsunben, arratsaldean.

Eta jaien azkeneko egunean ere, bi hitzordu berezi izango dira, haur eta gaztetxoentzat. Aurrena, astelehen goizean banatuko ditu sariak Urumea ikastolak, gaurko antolatu duen marrazki eta pintura lehiaketakoak. Eta bestetik, Tomaxen abenturak taldea izango da Urbieta kalean, eguerdian: Adi, grabatzen, ekin! ikuskizuna eskainiko du bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!