Gustu guztietarako musika, arratsalde eta gauetako kontzertuetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 23a, 00:00
Joan den urtean bezala, Hernanin izango da Puro Relajo taldea, aurten ere, mariatxiak ekartzeko.

Egunero izango da musika, estilo ezberdinetako taldeekin: Ispirit, Revuelta anaiak eta Patxi Saiz, Laket, Bulego edota Puro Relajo, besteak beste.

Ezin imajinatu daitezke San Joanak musikarik gabe, etenik gabe girotzen baitituzte kaleak, herriko txarangek, txistulariek eta musika talde ezberdinek. Haiek dira San Joanetako soinu banda eta arima musikala.

Eta horiekin batera, ohikoak izaten dira arratsalde eta gauetako kontzertuak, herriko plaza ezberdinetan. Gustu guztietarako emanaldiak izango dira aurten ere, estilo ezberdinetako taldeekin. Laiotz taldeak eta Paket Flat kolektiboak jarriko dituzte aurreneko doinuak gaur, eta datozen egunetan emango diete segida, beste hainbatek.

Horrela, oso bestelako bi emanaldi izango dira bihar ere: Ispirit gospel-soul taldea ariko da Urbieta kalean, eta Rock Gaua izango da Plan B eta Gaizkine taldeen eskutik, Tilosetan edo Atsegindegin, eguraldiaren arabera.

Larunbat arratsaldean, berriz, ohiko kontzertua antolatu du San Joan Konpartsak, Urbieta kalean: Revuelta anaiak eta Patxi Saiz ariko dira bertan, Fermin Valenciak ez baitu etortzerik izango azkenean. Eta gauean, Laket taldeak eskainiko du dantzaldia, Tilosetan.

Beste bi emanaldi berezi, eta oso ezberdin, izango dira igande gauean ere. Batetik, Bulego taldeak joko du Plazan (Atsegindegin, euria eginez gero). Eta bestetik, DJ Bull arduratuko da musikaz, Tilosetan. Eta festen azkeneko egunean, astelehene­an, iazko bisita errepikatuko du Puro Relajo taldeak, mariatxiak ekartzeko Urbieta kalera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!