Lautik hiru mozio onartu ziren astearteako Osoko Bilkuran

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 23a, 00:00

Aho batez onartu zuten, PSE-EEk SMS bidezko larrialdi alerten sistemari buruz aurkeztutako mozioa.

Hernaniko Osoko Bilkura izan zen asteartean, eta aurkeztutako lau mozioak onartuta gelditu ziren. Plenoari hasiera emateko, maiatzaren 31ko udalbatzako akta onartu zuten, eta jarraian, Hernaniko zenbait udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren kontratuaren luzapenaren gairi eutsi zuten. EH Bilduk, EAJk, eta PSE-EEk, aldeko botoa eman zuten, eta Elkarrekin Podemos aurka agertu zen. Hala ere, onartutzat eman zen kontratuaren luzapena.

Ondoren, PSE-EEk alertetarako eta larrialdietarako SMSei buruzko mozioa aurkeztu zuen, honakoa azpimarratuz: «tresna oso erabilgarria eta arina izango litzateke, udalerrian gerta daitezkeen larrialdien aurrean; hala nola, Urumea ibaiaren ur-goraldia, errepide mozketak, lur-jausiak, baso-suteak, ur-mozketa, edo matxura orokorrak gertatzen direnean, Hernaniko herritarrei berehala eta zuzenean abixatu ahal izango diegu. Sistema honek borondatez funtzionatuko luke, herritar bakoitzak baimena eman beharko luke larrialdietarako udal zerbitzuek kudeatuko luketen datu base batean sartzeko. Eta gainera, datu pertsonalak babesteko arauez gain, erabilera eta jarduera protokolo batek ere arautuko luke». Azalpenak eman ostean, bozketari eman zitzaion hasiera, eta mozioa aho batez onartu zen. 

Jarraian, Podemosek hartu zuen hitza, eta bi mozio aurkeztu zituen. Lehena animalien tratuari buruzkoa zen, eta honakoa aipatu zuen, besteak beste: «Hernanin badugu elkarbizitzarako arau laxo bat, baina 7. artikuluan zehatz-mehatz dio, debekatuta dagoela animaliak fustigatzea eta krudelkeriaz tratatzea. Sokamuturra eta bigantxak, baita poniak edo asto-lasterketak ere, instituzionalizatutako tratu txarrak dira, eta legezkoa izateak ez du esan nahi onargarria denik». Horren harira, Podemosek erantzukizunez jokatzeko eta konpromiso irmoak hartzeko eskaerak luzatu zuen: «Hernaniko Udalak animaliak errespetatzeko eta sufrimendurik ez eragiteko printzipio etikoekiko konpromisoa adieraztea, eta animaliei tratu txarrik eta erabilerarik gabeko udalerri deklaratza bere burua. Eta, era berean, ez onartzea animalien tratu txarrak iragartzen duen publizitaterik». Irakurketa amaituta, Udal gobernu taldeak adierazi zuen ez zuela mozio hori eztabaidatuko: «uste dugu gai hau oso sentsiblea dela, eta erabakia hartu aurretik informazioa eman beharko litzatekeela uste dugu, lanketa bat eginez, bereziki Jai Batzordean. Halaber, esan behar dugu mozio hau aurkezteko ez dela momentu aproposena, jaiak ate joka ditugula kontutan hartuta. Jai Batzordea lanean aritu da buru-belarri, eta egun bakarra gelditzen denean festak hasteko...». Eta jarraian, EH Bilduk gonbitea luzatu zion Podemosi, datorren urteko Jai Batzordean gai hau ateratzeko eta parte hartzeko. Mozioaren bozketara pasa ziren, eta aldeko bi boto izan ziren, Podemosenak; mozioaren aurka agertu ziren EH Bildu, eta PSE-EEko alderdikide bat; eta abstenitu egin ziren EAJ eta PSE-EEko alderdikide bat. Beraz, mozioa ez zen onartu. Bigarren mozio bat ere aurkeztu zuen Podemosek: Iraunkortasun Legea betetzeari buruzkoa. «Mozio honek, bi beharrei erantzuten die nagusiki: larrialdi klimatikoari erantzuteko beharrari, eta Ukrainako gerraren ondorioz sortu zen arazo energetikoaren premia koiunturalagoari». Hori horrela, hainbat proposamen helarazi zituen alderdiak. Bozketako unean, mozioa aho batez onartu zen.

Udal gobernuak hartu zuen hitza ondoren, honako mozioa aurkezteko: Osakidetzako herrietako anbulatorioen itxieraren aurkako eta osasun sistema publikoa indartzea eskatzeko mozioa. Eta Xabier Lertxundi alkateak eman zituen azalpenak: «Osakidetzan gertatzen ari dena ez da berria, eta Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakien ondorioa da, besteak beste, etenik gabeko arreta guneak itxi egin direla eta ordutegiak murriztu egin direla; osasun etxeetan profesional gabezia dago; kontsulta presentzialak lortzea gero eta zailagoa izaten da; eta adinekoen eta kronikoen jarraipenerako gero eta zailtasun haundiagoak daude». Eta argi utzi zuen, hau guztia ez dela pandemiaren errua izan: «murrizketak, planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Osasun sistema publikoan eman diren atzerapausoak gero eta nabariagoak izan dira, eta guzti honen ondorioak herritarrek (pazienteek) pairatzen dituzte». Hau guztia kontutan hartuz, alkateak azaldu zuen, mozioa onartzearekin batera Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatuko diona: «Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, herri honetako osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatu ditzala, uda sasoian barne. Lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio eredua aldatu dezala, kontratu egonkorrak eta lehen arretan euren garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko dutenak bermatuz. Eta azkenik, Lehen Arreta eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesionalen kopurua haunditu dezala». Mozioa onartu zen EH Bilduren, Podemosen eta PSE-EEren aldeko bozkekin. EAJk aurkako bozka eman zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!