San Joanen aurreko ekitaldiak

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 23a, 00:00

Bederatzi palankari eta marka ederrak

Klasiko bat berreskuratu dute aurten, bi urteko etenaldiaren ondoren, Sagastialdeko atletismo pistan: 39garrenez jokatu zuten Palankarien Proba, aurreko igandean. Bederatzi lagunek hartu zuten parte (sei mutil eta hiru neska); eta ederki moldatu ziren, euskal barra jaurtitzeko teknika bereziarekin. Marka ederrak lortu zituzten goiz osoan zehar; eta denetan onenak, 2019ko berberak izan ziren: Mikel Arbonak irabazi zuen mutiletan, barra 36,68 metrora jaurtita; eta Ane Galarraga nagusitu zen nesketan, 22,5 metroko jaurtiketarekin.

 

Primerako saioa, denboraldia borobiltzeko

Gimnasia erritmikoak hartu zuen kiroldegia, igande goizean; eta bere abilezia eta erritmoa erakutsiz egin zieten ongietorria San Joan jaiei, adin guztietako gimnastek. Primerako saioa eskaini zuten, bizi-bizia, aspertzeko tarterik gabe. Izan ere, bata bestearen atzetik atera ziren taldeak tatamira, uztaiak, mazak, baloiak eta zintak hartuta, mota guztietako piruetak egitera, lurrean zein airean. Txalo zaparrada ederrak eskaini zizkieten, harmailak bete zituzten ikusleek; eta guztien artean, bukaera borobila eman zioten ikasturteari.

 

Goizean goizetik, martxa ederra aurorekin!

Galtza eta kamixeta txuria, eta zapi eta gerriko gorria. Eta atuendo horrekin dozenaka lagun, giro ederrean kantari, goizean goiz hasi eta bazkalordura arte. Iruñeako San Ferminak ziruditen, baina Hernani zen, igande goizean. Izan ere, ez zuten hutsik egin Ereñotzuko Ozenki eta Goizuetako Umore Ona abesbatzek, eta martxa ederra jarri zuten Hernaniko kale eta plazetan, aurorekin. Kalejiran ibili ziren txoko batetik bestera, ia herri osoa zeharkatuz; eta kantu saio alaiak eskaini zituzten geldialdietan, jaiak badatozela gogorarazteko.

Gaztetxoenak ere, palarekin ederki

Aurreko ostegunean jokatu zituzten, Tilosetan, Umeen San Joanetako Pala Txapelketako finalak. Olaia Lete hernaniarra eta Irati Oliveira astigartarra nagusitu ziren infantiletan, eta Adur Salaberria hernaniarra alebinetan. Finalen ondoren, barrene jokoan aritu ziren txapelketako partehartzaileak eta haien lagunak.

 

Xakerako taulak plazara berriro, Gerardo Plazaren oroimenezkoan

Hitzordu finkoa izaten du xakeak, urtero, San Joanen aurreko asteburuan. Eta ohiturari eutsiz, Gerardo Plazaren oroimenezko topaketak egin zituzten ostiralean eta igandean, Atsegindegin. Haurrak izan ziren xakerako taulak plazara atera zituzten aurrenekoak, ostiral arratsaldean; eta igande goizean elkartu ziren helduak, begiak taula gainean iltzatu eta piezak dantzan jartzeko prest. Bi urteko etenaldiaren ondoren, berriro elkartu ziren Hernanin, inguruko herrietako xakelariak.

 

Hernaniar eta galiziar, bat eginda

Indar haundia hartu du hartubolak Hernanin, dagoeneko; eta oso berezia izan zen aurreko asteburua, zentzu horretan. Izan ere, talde haundi bat etorri zen Galiziatik, bertakoekin hartubolean aritu, eta elkarrekin ikastaroak egiteko asmoz, giro goxoan. Hartubolak elkartu ditu, hernaniarrak eta galiziarrak.

Festarako gogoa eta ilusioa agerian, Preludioetan

Preludio kontzertuak, haurrena zein helduena, izaten dira San Joan jaien iragarle. Eta aurtengoek, bereziki esanahi indartsua zekarten beraiekin: bueltan dira herriko festak, bi urteko etenaldi luzearen ondoren. Agerian geratu zen jaien itzulerak piztu duen gogoa eta ilusioa, bi kontzertuetan. Herritarren emozioak azaleratu zituzten San Joanetako doinu ezagunenek, musikari, abeslari eta dantzarien eskutik; eta ikusle guztiak txaloka eta zutik jarri zituzten San Joan Zortzikoarekin, Preludio nagusiari bukaera emateko. Bukatu da itxaronaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!