San Joanak

San Joanetako momentu ederrenak argazkitan izozteko gonbita egin du Kronikak

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 23a, 00:00

Herritarrak aurtengo Preludio txikian, emanaldia argazkitan izozteko prest.

San Joanetako 13garren Argazki Lehiaketa antolatu du Kronikak, eta bi sari potolo izango dira jokoan. Ekainaren 28ra arte aurkeztu daitezke argazkiak: 'kronika@kronika.eus' helbidean edo, bestela, bulegora bertaratuta. 

Makina bat egiteko izango da datozen egunetan, San Joan jaietan. Txarangak, musika eta dantza emanaldiak, kirol erakustaldiak, antzerkiak... Denetarik izango da herrian. Hori guztia betiko izoztuta gelditzeko asmotan, San Joanetako Argazki Lehiaketa antolatu du Kronikak. 13garren edizioa da aurtengoa, eta ostegunean irekiko da parte hartzeko epea.

 

Bi sari, argazki onenentzat 

Xabi Kerejetaren argazkiak jaso zuen saria haurren kategorian, 2019an.

Aurtengo lehiaketako partehartzaileen artean, bi sari banatuko dira: Doberako bazkide edo Kronikakide direnen artean bat, eta bazkide edo Kronikakide ez direnen artean, beste bat. Bazkide edo Kronikakide direnentzat, saria izango da Txindokiko Itzala abentura parkerako sarrera bikoitz bat, bi pertsonarentzako otordua Altzuetan, eta Hernaniko igerileku irekietarako bi sarrera. Bazkide edo Kronikakide ez direnek, berriz, honako hauxe izango dute jokoan: Txindokiko Itzala abentura parkerako sarrera bikoitz bat, bi pertsonarentzako otordua Itxas Burun, eta urtebetez Kronikakide izateko aukera. 

Partaide bakoitzak, guztira, 5 argazki bidali ahal izango ditu. Proposamenak aurkezteko epea ostegunean irekiko da, eta asteartera arte, ekainaren 28ra arte, egongo da zabalik. Aurkezteko moduari dagokionez, argazkiak formatu digitalean entregatu behar dira, eta horretarako, bi aukera daude: emailez bidalita kronika@kronika.eus helbidera, edo, bestela, Kronikaren bulegora eramanda (Larramendi kalea, 11). Proposamena aurkeztearekin batera, jakinarazi beharko dira egilearen izen-abizenak eta telefonoa; haurren kasuan, adina ere bai.

 

Herritarrek aukeratuko dituzte irabazleak

Argazki guztiak bildu ondoren, argazki onenen aukeraketa egingo da. Herritarrek aukeratuko dituzte aurtengo lehiaketako irabazleak. Horretarako, Kronikak martxan jarriko du bozketa, www.kronika.eus webgunean. Bozkatzeko aukera ekainaren 29an irekiko da, eta uztailaren 1eko eguerdiko 12:00ak arte egongo da zabalik. Irabazleen izenak, berriz, uztailaren 2ko alean argitaratuko dira. 

Beraz, prestatu argazki-kamerak eta animatu parte hartzera, emaitzak, ziur, ederrak izango dira-eta!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!