San Joanak

Suziriek kalteak eragiten dizkie animaliei eta haurrei eta kalean erabiltzea debekatuta dago

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 23a, 00:00

Udaletxeko balkoitik festen hasierako suziria botatzen da, baina gero apenas botatzen dira suziriak.

Arazo kognitiboak, autismoa, alzheimerra, dementzia... dutenei ere asko kaltetzen die eta festa bukaezinak bihurtzen dira. Autistek entzumena garatuagoa dute.

Gaur San Joan sua ospatzen da eta astelehenera arte iraungo dute San Joanak Hernanin. Petardo ugari bota eta botatzen diren gaua eta festa izaten da San Joan Bezpera, nahiz eta debekatuta egon. Urteko gaurik laburrena da, edo hori diote, baina maskotekin bizi direnentzat, kaleetan bizi diren animalientzat eta dibertsitate funtzionala, alzheimerra, dementzia eta arazo kognitiboak dituztenentzat gaua bukaezina bihurtzen da.  

Koheteen eta petardoen zaratak asko gogaitzen du talde hori. Gautena Autismoa duten senideen elkartekoen arabera, autismoa duten pertsona gehienek, batez ere haurrek, entzumenaren zentzua pertsona neurotipikoek baino askoz ere garatuagoa dute. Edozein zarata txikik urduritasuna eta kontzentrazio falta eragiten die, baita zentzumen-nahasmendua ere.

Gainera, gehitzen dute: «Pirotekniarekin hori guztia areagotu egiten da, eta zentzumen-krisi haundiak eragiten ditu automatikoki». Ia ezinezkoa da horrelako gertakariak kontrolatzea. Pertsona batzuk efektuak murrizten saiatzen dira, barruko geletan itxiz, baina, zoritxarrez, gehienetan larrialdietan amaitzen dute gaua.

Bost urtetik beherako haurrentzat ere kaltegarria izan daiteke. Suziri eta su artifizialen soinu sendo eta bizi guztiek haurren belarriak kaltetzen dituzte, batez ere jaioberri eta goiztiarrenak. Kalteak ezkutuan daude. Izan ere, muturreko hotsek eragindako trauma akustikoak, su artifizialek eragindakoak kasu, kalte itzulezinak eragin diezazkiete haurrei, batez ere bost urtetik beherakoei.

Kasu horietan, egokiena haurrak zarata bizien eraginpean ez jartzea da, oso zaila baita haurra entzumenaren zentzua galtzen ari den ala ez jakitea. Entzumen-azterketa sakon batek kalterik dagoen eta kaltearen hedadura edo maila zehaztu dezake. Kasu batzuetan, haurrek burrunbak, xuxurlak edo trumoiak bezalako soinuak entzuten dituztela aipatzen dute, baina ez da kasu guztietan gertatzen, sintoma horiei tinnitus esaten zaie.
Ez dira soilik su artifizialak, oihuek eta musikek seme-alaben belarriak kaltetzen dituzte.

 

Animaliei min haundia egiten die

Suzirien eta su artifizialen soinuak 150-175 dezibeliokoak (dB) izan daitezke, eta soinuak 80 dB baino haundiagoak direnean hasten dira entzumena kaltetzen. Gure artean bizi diren animaliek, txakurrek, katuek, txoriek eta abarrek, gurea baino belarri finagoa dute, hain fina, ezen suzirien soinuak, enbarazu baino gehiago, min haundia egiten baitie.

Adibidetzat giza belarria hartuz gero, 20.000 Hz-rainoko soinuak entzun ditzake. Txakur baten entzumena ia hiru aldiz indartsuagoa da, 50.000 Hz-rainoko soinuak entzun baititzake; baina entzumenari dagokionez felino entzumena da garatuena, entzumena hain afinatuta dagoenez, gizakiaren belarrira boskoiztu egiten da, 100.000 Hz. Txoriek, berriz, hain gaizki eramaten dituzte bibrazioak, ezen asko bihotzekoak jota hiltzen baitira. Datu horiekin, pirotekniak animaliei egiten dien kaltearen ideia bat egin dezakegu.

Horren ondorioz, bai maskotek, bai herrian bizi diren animaliek, takikardiak, taupadak, goragaleak, dardarak, zorabioak eta izua izaten dituzte festetan, baina batez ere hiltzeko beldurra.

Kaleetan bizi diren animalien kasuan, soinu jasanezin horiek askoz gehiago nabarmentzen dira, leunduko dituen solairu bateko paretarik gabe eta babes hartzeko lekurik aurkitu gabe; beraz, horietako asko bihotz-erasoen ondorioz ere hiltzen dira.

 

Fobia eta desagertzeen bostena soinu gogorrek eragiten dute

Animalia askori fobiak eragiten dizkie. Fobiak ematen dira beldurragatik neurrigabeko erantzuna ematen denean. Pirotekniak eragindako zaratek fobiak sor ditzakete animaliengan, zarata indartsuekiko izu-erreakzioak areagotu egiten baitira, zarata horiekiko esposizioa errepikatuz.

Uste da konpainia gisa mantendutako animalien desagertzeen bostena oso soinu gogorrek eragin dutela, batez ere su artifizialek eta ekaitzek.
Pirotekniak animaliengan dituen ondorioak zooan ikusten dira oso argi. Egiaztatu da pirotekniaren zaratak oso urduri jartzen dituela animaliak, modu ikusgarrian eraginez, zaratak amaitu eta minutu gutxira korrika jarraitzen dute.

 

Partikula kimikoek eragindako ondorio kaltegarriak

Bestalde, petardoak pozoitsuak dira, eta horien eztandak partikula kaltegarriak askatzen ditu, hala nola hauts fina (PM10), arnasgarria eta toxikoa. Beraz, su artifizialak arriskutsuak dira lehertzen diren eremuetan bizi diren animalientzat, edo haizeak partikulak distantzia nahikora garraiatzen dituenean urrun samar dauden lekuetan bizi direnentzat. Animaliak petardoak egiten diren eremuetatik hurbil egoteak askotan erredura esanguratsuak eta begietan kalteak eragiten dizkie.

Produktu kimiko horiek ere arriskutsuak dira katu eta txakurrentzat, asma bezalako arnas gaixotasunak dituzten gizakien kasuan ere arriskutsuak diren bezala. Su artifizialak axolagabe erabiltzeak mutilazioak eta istripu hilgarriak eragin ditzake ekitalditik gertu dauden animalietan, baita animaliei kalte egiten dieten suteak eragin ere. Gizakiei eragiten dieten mota horretako istripuak gertatzen direnean, ohikoa da horri buruz hitz egitea, baina gogoratu behar dugu askotan beste espezie batzuetako animaliei eragiten dietela.

Jaiak guztion jaiak izan daitezen nahi bada, mundu guztiak goza dezan, ezin da ahaztu petardoen ondorio psikologikoak jasango dituen biztanleriaren zati haundi hori, ezta udalerriko parte diren maskotak eta animaliak ere.

San Joan jaietako ospakizunak, suarekin, baina petardorik gabe. Festen ospakizunean guztiok gozatu beharko genuke, gutxi batzuk ez ezik, bakoitza herri bereko kide delako. Aurtengo jaietan ez da su artifizialik izango.

Hala ere suarekin lotutako ikuskizuna izango da azken egunean Su Danborrak ikuskizunarekin, Deabru Beltzak taldearekin.

Piroteknia erabiltzea aspaldiko ohitura da, baina segurtasun arazoak sortzen ditu eta arriskua ahalik eta gehien murriztu nahian debekatuta daude. Berez ezin da bota baimenik gabe. Hala ere jakitun, petardoak erabiltzen direla gomendioak daude piroteknia erabiltzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!