Hernaniko txosna batzordeak, Koordinadora Feministak, Udalak, Emagin Elkarte feministak eta tabernariek eraso sexisten aurkako protokoloa jarriko dute martxan San Joan jaietan.
Txotx garaian eskainitako zerbitzuaren ideiari eutsiz, aurtengo San Joanetan telefono zenbaki bat egongo da 24 orduz erasoak salatzeko, edota erasoen aurrean laguntza eskatzeko. 688 685 164 zenbakia da. Horrez gain, Indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea jarriko da Tilosetan. Gune honen helburua da herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea; arreta telefonoaren berri eman eta oro har informazioa ematea.
Emagin Elkarte Feministaren arreta zerbitzua da, eta honako hauxe da ordutegia: ekainaren 23an (18:00-22:00), 24an (18:00-22:00) eta 25ean (11:30-14:30/18:00-22:00). Helburua da gertatzen diren erasoak jasotzea eta laguntza behar den kasuetan arreta ematea erasotuari. «Hori ikuspegi feministaz egitea garrantzitsua da: alegia, ikuspegi ahalduntzailea izatea, ez berbiktimizatzailea», diote Hernaniko Koordinadora Feministatik eta Udaletik.
Telefono zerbitzua ekainaren 23an 18:00etan jarriko da martxan eta ekainaren 28ko goizeko 08:00ak arte iraungo du. Horretaz gain, txosnen artean ere erasoei erantzuteko eta balizko erasotzaileak txosnen eremutik kanporatzeko protokoloa adostu dute.
«Herritar orok erantzuteko betebeharra dugu»
Argitaratutako protokoloan esaten denez: «Festak gizarte baten egituraren eta herri baten nortasunaren adierazle dira. Gaur egun, jai eta tradizioek, jendarte ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiak, botere harremanak, rol banaketak.... Hau da, jaietan ere egunerokoan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioen adierazleak oso nabarmenak dira».
Beraz, «tradizio eta ohiturek ezin dute zurrunak diren eta geldirik dauden zerbait izan, jendartearen eraldaketarekin batera norabide berdinean joan behar dute. Jendartean eman nahi ditugun aldaketak ere gure herrikofestetan isla izan behar dute, jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugulako».
Protokoloaren bultzatzaileek badakite «jaietan eraso matxista eta arrazistak sarriagotan gertatzen direla eta horiekin amaitu nahiko genuke: izan ere, festak guztiontzat gozagarri izatea nahi dugu. Horregatik, ez dugu indarkeria matxista eta arrazistarik onartuko. Ezin gara konplize izan eta erasoen aurrean herritar orok erantzuteko betebeharra dugu».
Zentzu horretan, oraingoz, eraso sexisten prebentzio, arreta eta erantzun publikorako protokoloa prestatu dugu. Horretan hainbat eragilek hartu dute parte. «Espero dugu baliabideok baliagarriak izatea emakumeok jaiak askatasunez eta plazerez bizi ditzagun. Hori horrela izan dadin, batetik, gizonei dei egiten diegu lanketa serioa egin dezaten eguneroko jarrera matxistak alboratzeko. Bestetik, herritar guztiei mezu hau helarazi nahi diegu: emakume bat erasotua bada eta laguntza eskatzen badu, sinistu eta ez jarri zalantzan bere hitza. Ez izan konplize!».