Egun berezia da gaurkoa hernaniarrentzat. Izan ere, udako solstizioarekin batera, hasiera emango zaie San Joan Jaiei. Urtea bere zikloaren erdialdera iritsi berri da, eta, horrekin, atzean utzi da udaberria. Asteartekoa, urteko egunik luzeena izan zen ipar hemisferioan, eta horrek adierazi zuen aurtengo udaren hasiera. Horixe bera ospatuko da gaur arratsaldean, festen hitzordu esperoenetarikoan: sorginek herriko kaleak hartuko dituzte eta akelarrea egingo dute suaren inguruan. Urtero bezalaxe, arratsaldeko 18:30etan abiatuko dira Paradoretik, eta 20:00ak aldera helduko dira plazara.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, «gogotsu» daude gaurko zitarako. «Hori bai, bi urteko geldialdiaren ondoren, ahaztuta geunden honek guztiak duen lan kargarekin», aipatu dute. «Guztia berriro martxan jartzea aurreko urteetan baino lan haundiagoa izan da». Horregatik, diote, «espero dugu euririk ez egitea; bestela, bertan behera utzi beharko genuke». Akelarrea lekuz aldatzea ez da aukera bat, «sua beti plazan egiten delako eta Atsegindegin, adibidez, jendea ez delako kabitzen. Hortaz, aurten egin ezean, hurrengo urtera arte itxaron beharko genuke».
Berrikuntzak eta aldaketak, aurtengo akelarrean
Asteak daramazkite entsaioetan, eta, aurten, nabarmendu dute berrikuntzak eta aldaketak izango direla nagusi. «Gure herriko jaiak izaten dira udako solstizio edo ekinozio jaietan, eta akelarreak, garai batean, horregatik ospatzen ziren, aldaketak zetozelako; kasu honetan, urtaro aldaketa izango da». Horregatik, aurten, ideia horri eman diote garrantzia. «Elizak hartu du jai hau bere propietate bezala edo, behintzat, San Joanak horra bideratu dira. Baina guk, gaurkoan, ospakizuna, akelarrea, erritual moduan egingo dugu».
Gaurkoan, beraz, ez da orain arteko akelarrea ikusiko. Batez ere, plazako antzerkia aldatuko da: «30 urte inguru daramazkigu antzerki berarekin; gidoia, esanahia eta testuingurua beti berberak izan dira azken urteetan, eta, hala ere, jendea beti bildu da plazan. Baina azken 10 urteetan, ordea, lantalde bera dabil dena aurrera eramaten, eta azkeneko 5 urteetan pentsatu izan dugu ea aldaketaren bat sar genezakeen. Batetik, dagoeneko jende askok ikusi duelako antzerkia. Bestetik, ez dakigulako zenbateraino iristen den mezua eta jendea zenbateraino ez ote den gelditzen soilik akelarreko azken festa horrekin».
Gainera, horri gehitu diote «zaila» dela antzerkiko zenbait pertsonaiaren papera egiteko boluntarioak aurkitzea: «Azken urteetan, inkisidore haundiarena egiteko prest dagoen norbait topatzeko zailtasunak izaten ditugu. Ez da erraza, gazteleraz hitz egin behar delako, testua memorizatu behar delako, eta abar. Eta gu ez gara profesionalak», azaldu dute. Horren haritik, eskerrak eman dizkiote Mikel Laskurain aktore hernaniarrari: «Oso eskertuta gaude berak egindako ekarpenarekin, eskatu diogun bakoitzean baiezkoa eman duelako». Baina diote mesedeak eskatuta ez zihoazela urrutira, «aktore profesionalek bolondres egiten zutelako antzerkia, eta, herriko inork egin nahi ez bazuen, zergatik jarraitu behar genuen horrekin?». Azken hori ere, beraz, antzerkia aldatzeko beste arrazoietako bat izan da. «Herriko apaizaren papera ere ez du inork egin nahi, eta beti pertsona bera dago paper hori egiten. Lehen, bi mutil etortzen ziren kanpotik papera egitera, baina, azkenean, beraiek ere ezezkoa eman zuten. Ordutik, urtero jendearen atzetik ibili izan gara». Horregatik, «beste buelta bat» eman diote akelarreari. Edonola ere, argi utzi dute: «Horrek ez du esan nahi aurrekoa berriro egingo ez dugunik».
Antolatzaileek ohartarazi dute aurtengo akelarrea «sorkuntza prozesuaren emaitza» izan dela. «Gainera, gidoi honek aukera ematen du pertsonaia gehiago sortzeko. Oraingo honetan, adibidez, antzerkiko dantzetan 20 pertsona inguru ariko gara». Hori ez ezik, aldaketa hasi aurretik ere hitz egin zuten «akelarrea hasi zutenekin, egin dutenekin eta bidean egon direnekin». Diotenez, «denek hartu dute berria oso pozik».
«Mezu esanguratsuagoa eta sakonagoa eman nahi diogu»
Antzerkia, beraz, goitik behera aldatuko da. «Orain artekoak zentzua zuen, eta, oso ondo zegoen, baina aldaketaren beharra ikusi genuen». Lehen, antzerkian, ikusten zen nola sorginak akelarre bat ospatzen ari ziren eta, bat-batean, «txibato» batzuen bidez, inkisizioa sartzen zen plazara. Gero, inkisizioak akelarrea gelditzen zuen, sorgin nagusiak hartzen zituzten eta torturatu egiten zituzten. «Inkisizioak sortutako kontakizun bat da akelarrean sorginek txortan egiten zutela akerrarekin, eta inkisizioarentzat akerra zen deabru gorpuztua. Hau da, inkisidoreek zioten sorginek deabruarekin izaten zituztela harreman sexualak. Baina hori gezurra zen, beraiek asmatu zuten», azaldu dute akelarreko ordezkariek. «Inkisidoreek argumentuak behar zituzten sorginak epaitzeko, torturatzeko eta sutan erretzeko, eta argumentu horien arten zegoen azaldutako hau. Orduan, aurreko antzerkian, inkisizioak sorginak torturatzen zituen bitartean, adarrak deituriko pertsonaiak agertzen ziren eszenan, euskal mitologiari keinu eginez. Sorginak salbatzen zituzten eta inkisidoreei ematen zieten sorginek egindako edabea. Inkisidoreak erdi mozkortzen ziren eta dantzan egiten zuten, biluzten ziren, eta akerrarekin egiten zuten txortan», jarraitu dute orain arteko antzerkiaren azalpenarekin.
«Hortaz, sinbolikoki, kontua da elizak sorginei egozten ziena gero beraiek egiten dutela. Asmoa zen ziria sartzea eta ikusaraztea beraiek ere goza zezaketela sexualitateaz. Baina, berez, akerraren figura ez da erreala eta sorginek ez zuten akerrarekin txortan egiten», argitu dute. «Akerrak sinbolizatzen du deabrua, eta elizak eta inkisidoreek hori erabili zuten sorginak epaitzeko, beste hainbat arrazoiren artean».
Horrekin batera, orain arte zabaldutako mezuaren harira, diote «zentzuzkoa eta egokia» dela, «historiaren pasarte bat kontatzen delako eta memoriaren berreskurapena egiten delako. Inkisizioa existitu zen, epaitu zituzten gaur egun sorginak deitzen diegunak, emakumezko eta gizonezko oso jakintsuak, eta garai hartan elizaren eta erlijioaren paradigmetatik ateratzen zirenak. Hori egiten zutelako, intzestua egozten zitzaien, eta deabruarekin txortan egiten zutela esaten zuten». Baina, gaurkoan, «mezu esanguratsuagoa eta sakonagoa» helarazi nahi dute. «Orain arteko akelarrean, akerrak sinbologia haundia hartzen zuen, eta egia da akerraren figura ikusgarria dela. Hori ondo dago, baina soinuztapena ez da erraza plazan, eta biltzen den jende mordoarekin, ez genekien aurrez azaldutako mezu hori ikus-entzule guztiengana heltzen ote zen eta soilik ikusten zen bukaerako eszena, inkisidoreak biluztearena eta akerrarekin txortan egitearena».
Aldaketa dator, beraz, «akelarre bat ospatuko dugulako, inkisiziorik ez dagoelako hor tartean, eta akelarrea ospatzearekin, erreferentzia egingo diogulako urtaro aldaketari. Guk lau urtaro ditugu, urtaro bakoitzean aldaketa bat dator, eta hori zen sorginek zuten jakintzetako bat. Oso konektatuta zeuden beren inguruarekin, eta horren adierazpena egingo dugu». Gaur egun, diote, «guk gero eta harreman gutxiago dugula ingurunearekin». Hori horrela izanik, akelarrean azalduko dituzte «inguruko belarrak, ilargiaren zikloak, lurrak eguzkiari nola ematen dion buelta, horrek guri nola eragiten digun, eta abar». Izan ere, diote, «sorginak gu baino askoz ere konektatuagoak zeudela horretara guztira. Horregatik, akelarrea lehen ez zen festa bat, edo behintzat, ez zen gaur egun alkohola tartean egon daitekeen festa horietako bat. Akelarrea zen erritual baten ospakizuna, eta guk hori egingo dugu. Kasu honetan, udako ekinozioaren ospakizuna izango da».
Gaurkoan, hortaz, albo batera utziko dute erlijioa: «Gaur egun, gure festa San Joan bezala dugu erlijioak bereganatu zuelako, eta gauza bera pasatzen da neguan Gabonekin, udaberrian Aste Santuarekin, eta abar». Adibide bat mahaigaineratu dute inkisidoreen papera ezabatzearen harira: «Elizak esaten du Aste Santuan ezin dela haragia jan, eta dokumentatutako testigantza askok diote egun horretan haragia jateagatik pertsona asko erre zituztela. Hori zergatik? Ba hori gertatu zen jende askok beste pentsaera bat zuelako eta ez zutelako bat egiten erlijioak zioenarekin». Antzerkian horrelako zitak sartuko dituztela kontatu dute, «gure historiari erreferentzia eginez». Baina, aurreratu moduan, inkisizioa ez da egongo». Helarazi nahi duten mezua da «akelarrearen benetako esanahia, sorginek hori ospatzearen arrazoia». Hori horrela, festa eta edukia horri lotuta egongo dira.
Betiko moduan, sorgin nagusiek kontakizuna egingo dute. «Adarrak eta beste pertsonaiak ere egongo dira. Horrez gain, berreskuratu dugu aurreko antzerkian egiten genuen dantza bat, eta sortu ditugu beste hainbat. Horrela, kontakizunaren tarteetan dantzak egongo dira». Akerrari erreferentzia eginez, honako hauxe aurreratu dute: «Pertsonaia hori ere egongo da, baina festaren parte izateko. Hau da, ez du aurreko funtzioa beteko. Akelarrea da akerraren larrea, eta ez du izen hori sorginek akerrarekin txortan egiten zutelako. Orain arte guk hori sinbolizatu dugu, baina inkisizioak esaten zuten hori epaitzeko».