Duela urte mordoxka bat «kasualitatez» hasi zena, «ohitura» bihurtu da San Joanetan, Rioja tabernan. Hain zuzen, Axeri dantza bakoitzean, herritar mordoa biltzen da bertan, eta festa pizten da tabernan, protagonisten esperoan. Eta maskuriak barrura sartzean, Safri duo taldearen Played A Live abestiaren doinupean, elkarrekin dantzatzen dute guztiek, maskuriak airean astintzen dituzten bitartean. «Urduri, baina batez ere oso gogotsu gaude berriro momentu hau bizitzeko», kontatu du Jon Loranek.
Hernaniarrak urteak daramatza familiaren tabernan lanean, eta hiru urteko geldialdiaren ondoren, «San Joanak heltzeko irrikatan gaude hemen», azaldu du. «Aurreko egunetan guztia prestatzen aritu gara, eta prest gaude festak hasteko».
«Ez da erraza izaten tabernan lekua bilatzea»
Berezia da San Joanetan Riojan sortzen den giroa. «Axeri dantza egunetan, jendeak badaki tabernan gertatzen dena, eta sokamuturra edo egun horietarako prestatutako aurreko ekintzak bukatzean, segituan, 100 bat pertsona izaten ditugu atean zain». Jonek kontatu duenez, «hamaiketakoa, goizeko kafeak... Denetarik eskatzen dute herritarrek Axeri dantza hasi aurretik». Hain zuzen, urtero-urtero, Maria Jesus Iturbidek maitasun haundiz prestatzen ditu pintxoak, arrautza frijituak eta bestelako otorduak, sabela goxatzera bertaratzen diren guztientzat.
Ondoren heltzen da jaietako momentu ikonikoetako bat: «Ez da erraza izaten tabernan lekua bilatzea», aipatu du Jonek. «Goitik behera, jendez betetzen da Rioja, Axeri dantza beraien batera tartera sartzeko zain». Giroa pizteko asmotan, musika jartzen dute Jon Loranek eta Mikel Liceagak, eta barra atzean itxaroten dute urteko unerik berezienetakoa. «Soka sartzen da barrura, eta herritarrekin batera, saltoka eta dantzan aritzen dira guztiak, minutu batez, gutxi gorabehera», deskribatu du Jonek. Dantzatzen duten abestia, gainera, ez da edozein izaten; urtero kantu bera izaten da. Baina Jonek aipatu duenez, «Played-A-Live abestia jartzearena ez da bilatua izan. Mikel eta biok musika bixia nahi genuen, dantzatzeko modukoa, herritarrak kontentu eta festa giroan jarraitzeko, eta, kasualitatez, duela 10 bat urte inguru, kantu hori topatu eta jarri genuen bozgorailuetan». Ordutik, dio, «badirudi asmatu genuela, eta momentu hori ohitura bilakatu da Riojan».
Hernaniarrak, kanpotarrak, gaupaseroak, goiztiarrak... Denak Axeri dantzara
Hernanikoak kontatu duenez, «ohiturak oihartzuna izan du inguruko herrietan». Izan ere, «hernaniarrak ez ezik, kanpotarrak ere etortzen dira tabernara momentu hau bizitzera». Axeri dantza aski ezaguna da Euskal Herrian, Urumea bailaran batez ere, eta Jonek dioenez, «jendeak badaki saltsa berezia izaten dugula hemen ekitaldiaren amaiera aldean, eta zer den jakiteko, hementxe izan ditugu azken urteetan». Gainera, herritar askok erritual gisa dute unea, eta gaua luzatzen dute Riojako hitzordua ez galtzeko. «Urtero, momentua bizi ez duen jendea etortzen da tabernara, eta gehienak gazteak izaten dira», esan du Loranek. «Baina urtero ikusten ditut gazte etortzen hasi ziren herritarrak, eta orain helduxeagoak direnak; noski, badaude betikoak, hutsik egiten ez dutenak».
Gaupaseroak, goizean goiz esnatu diren hernaniarrak, eta inguruko herrietatik dantza ikustera etorri direnak biltzen dira Riojan. «Barruan ez ezik, kanpoan ere jende mordoa egoten da», ziurtatu du. «Barruan, gazteak izaten dira protagonistak eta, kanpoan, berriz, haurrak, helduak eta tabernan sartzeko gogoz gelditu direnak egoten dira. Guk, barra atzean, pixka bat serio jarri behar dugu; izan ere, maskuriak sartzeko beharrezkoa da pasilloa egitea, eta jendetza egoten denez, zaila izaten da lekua egitea». Minutu gutxiko kontua izaten da Played A Live abestiarena, «baina denek topera bizitzen dugu». Sokakoentzat ere momentu berezia da Riojara sartzea, eta badakite sokari ondo heldu behar diotela, jende artean harrapatuta gelditu ez daitezen, ez litzateke lehenengo aldia izango eta!
Hedabideek ere Axeri dantza galtzen ez dutela ziurtatu du Jonek. «Barra barrura sartzeko aukera ematen diegu; horrela, argazkiak eta bideoak atera ditzakete nahi izanez gero». Kantu mitikoa bihurtu dena entzuten eta dantzatzen dute elkarrekin, «eta, jarraian, musikarekin jarraitzen dugu, festak jarrai dezan». Hain zuzen, diote, «taberna egun osoan irekita egoten da; goizean goiz zabaltzen dugu, sokamuturra amaitzearekin batera, eta, gero, gauean, ez dugu oso berandu ixten». Festa eta giro ona, hori bai, «beti daude ziurtatuta Riojan». Jonek tabernako familia osoaren izenean hitz egin du, eta nabarmendu du «ilusioa eta urduritasuna» dutela festen atarian. «San Joanak beti dira bereziak guretzat, eta hemen beti egongo gara herritarrak jasotzeko prest!».
Egitarauari helduta, Axeri dantza lau egunez ospatuko da herrian: batetik, helduena, ekainaren 25ean, 26an eta 27an izango da, 09:00etatik aurrera; bestetik, gazteena gaur izango da, goizeko 10:00etan hasita. Riojara, hori bai, helduena bakarrik sartuko da.
Gaurkoan, ekintza mordoa izango da herrian, eta bigarrena izango da, hain zuzen ere, gaztetxoen Axeri dantza. Mahoiezko galtzak eta kamixeta txuria jantzita, kirolerako oinetako egokiekin, eta eskuetan minik ez hartzeko eskularruekin, dena emateko prest aterako dira festa honen protagonistak. Noski, soka, maskuriak eta axeria bera ere ez dira faltako lau egunetan. Burrunbak entzungo dira kaxkoan, eta txistulariek markatuko dute dantzaren noranzkoa. Hernaniarrek ondo asko dakite erritmoa aldatzen denean agertzen direla maskuriak, herritarrak harrapatzeko eta astintzeko prest... Beraz, adi ibili, edozein txokotatik agertu daitezke eta!