San Joanak

Urteko gaurik bereziena, are bereziagoa aurten

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 23a, 00:00

San Joan Kantaita, gari-uzta oparoaren eske sua besarkatzen, 2019ko San Joan bezperan.

Bueltan dira San Joan bezperako ospakizunak, eta arratsaldetik gauera hartuko dute Plaza: Akelarrea izango da aurrena, San Joan erronda egingo dute Ohitura Zaharrak abesbatzak zein Hernaniko Musika Bandak ondoren, eta San Joan sua piztuko dute azkenik, herritarren aurreskuarekin eta kantaitarekin.

Urteko gaurik luzeena izaten da San Joan bezperakoa (edo luzeenetakoa, aurten 21etik 22rakoa izan baita luzeena), baina laburra suertatzen zaie hernaniarrei, festen aurreneko ospakizunetan murgilduta.

Baina 1096 egun pasatu dira, gau berezia behar bezala ospatu zuten azkeneko alditik. Eta luzea ez, eternala izan da itxaronaldia. Horregatik izango da are bereziagoa, aurten, urteko gaurik bereziena. Bueltan dira San Joan bezperako ospakizunak, eta Plaza hartuko dute berriro, arratsaldetik gauera.

Arratsaldeko 18:30etan hasiko da Akelarrea, sorginak eta galtzagorriak Paradorretik abiatzearekin batera. Kalejiran ibiliko dira herrian barrena, eta 20:00ak aldera iritsiko dira Plazara, Akelarrea egiteko bertan. Ezberdina izango da aurtengo antzerkia, udako solstizioa oinarri hartuta.

Haiek Plazara iritsi aurretik, San Joan erronda egitera aterako da Ohitura Zaharrak abesbatza, 18:30etan. Eta ohiko erronda egingo du Hernaniko Musika Bandak ere, 20:00etan hasita. Batak zein besteak, doinu bereziekin egingo diote bidea, 21:30etan piztuko duten San Joan suari. Orduan, aurreskua dantzatuko dute herritarrek, eta gari-uzta oparoa eskatzeko besarkatuko du sua San Joan Kantaitak.

 

Laiotzekin dantzaldia, Santa Barbarako danborrada eta Urumea txaranga, gau berezia girotzeko

Sua izango da protagonista, gauaren tarte luze batez. Baina sua itzaltzean, ez da itzaliko giroa. Musikak eta danbor hotsek hartuko dute erreleboa, gau bereziari giroa jartzen jarraitzeko. Gaueko 22:00etan hasiko da gau elektronikoa Atsegindegin, Paket Flat kolektiboaren eskutik. Eta 23:00etan jarriko ditu bere instrumentu guztiak sutan Laiotz taldeak, Tilosetan, dantzaldia eskaintzeko. Ordu horretan aterako da Santa Barbara elkartearen danborrada ere, barril eta danbor hotsak herrian barrena zabaltzeko, hiru urteren ondoren. Eta doinu aniztasun hori gutxi balitz, txarangak ere hartuko ditu herriko kaleak, gauerdiaren ondoren: Urumea txaranga aterako da 01:00etan.

 

Haur eta gaztetxoentzako ekintzak, egun osoan zehar

Arratsalde-iluntzeko ekintza berezien aurretik, haur eta gaztetxoei zuzendutakoak izango dira nagusi, egun osoan zehar. Eguerdian txupinazoa bota aurretik izango dira horietako bi, klasikoak. Batetik, 09:00etan hasita, haurrentzako marrazki eta pintura lehiaketa antolatuko du Urumea ikastolak, Tilosetan: 43garren edizioa du lehiaketak. Eta bestetik, jaietako aurreneko maxkuri-kolpeak banatuko ditu gazteen Axeri Dantzak, 10:00etatik aurrera.

Eta pixkanaka, herritar guztiak gerturatuko dira Plazara, azkeneko hiru urteetan hainbeste itxaron duten momenturako: jaien hasierako txupinazoa botako dute Mendiriz Mendi elkarteko eta Langile ikastolako kideek, eguerdiko 12:00etan. Suziri horren hotsa bezain berezia izango da Musika Bandaren San Joan Martxa, eta baita erraldoi eta buruhaundien konpartsari lagunduko dioten musikarien doinuak ere.

Eguerdian bizitako emozioak pixka bat lasaitu ondoren, karabina tiro lehiaketan aritzeko aukera izango dute haurrek, Txantxangorri elkartean: 15garrenez jokatuko dute Miguel Olloren Oroimenezko Proba, 16:00etan hasita. Eta San Joan bezperako ekintza bereziei bidea egiteko, Tiritirantes taldea etorriko da Hernanira, bere zirku ibiltariarekin: Ulterior... bidaia izeneko emanaldia eskainiko dute, Kaxkoan barrena, 17:00etan Plaza Berritik abiatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!