Gaur, eguerdiko 12etan Udaletxeko balkoitik jaiei hasiera eman eta txupinazoa botatzeko ardura, Langile ikastolak eta Mendiriz Mendi elkarteak izango dute; aurten, bi urtez San Joan Jaiak ospatu gabe egon ondoren, inoiz baino ilusio eta gogo handiagorekin ospatuko dituztela adierazi dute aurtengo omenduek.
Mendiriz Mendi elkarteak 75 urte bete dituen honetan, hainbeste itxarondako herriko jaiei hasiera ematea ohore bat dela adierazi du Manolo Rodriguezek, Mendiriz Mendi elkarteko kideak: «Guretzat ohore bat da jaietako txupinazoa botatzea, bi urteko pandemiaren ondoren, aurtengo San Joan jaiak bereziak izango dira eta horiei hasiera ematea ere oso berezia izango da guretzat».
Langile ikastolak ere urteurren garrantzitsua du, 50 urte bete baitzituen 2020an. Txupinazoa botatzeko eskaintzaren aurrean oso eskertuak azaldu dira, hala adierazi du Ikastolako zuzendaria den Gabino Murgoak: «Oso eskertuta gaude txupinazoa botatzeko aukera eman izanaz, are gehiago 50 urte bete ditugun honetan, herritarrak gu gogoan izatea eta merezimendu hori jasotzea izugarria da». Gainera, Murgoak azaldu du, ez zuela proposamena espero: «Gainontzekoak ez dakit, baina nik pertsonalki ez nuen espero aukeratuak izatea, agian ez dakidalako aukeraketa egiteko orduan zer nolako irizpideak jarraitzen dituzten. Hala ere, eskaini zigutenean harrituta ere ez nintzen geratu, badugulako zer ospatu; momentu eta modu egokia izan daiteke jaiei hasiera emanez».
Aurtengo San Joan Jaiak oso bereziak izango direla eta inoiz baina gogo handiagoarekin hartuko dituztenaren ideian ados daude ikastolako zein elkarteko kideak. «San Joan jaiak beti izan dira bereziak herrikoentzat, baina, bi urteko itxaronaldiaren ondoren, gogo horiek pilatzen joan dira eta kalean giro hori izugarri nabaritzen da», dio Rodriguezek. Bestalde, «gogo horiek ez dira gazteengan bakarrik pilatu, zaharragoak garenok ere aurtengo jaiak gogoz hartuko ditugu», gaineratu du Txe Zuzak, Mendiriz Mendi elkarteko zuzendariak.
10 Langilekoak eta beste 10 Mendiriz Mendikoak
Guztira 20 pertsona inguru igo daitezke udaletxera txupinazoaren egunean, 10 Langilekoak eta beste 10 Mendiriz Mendikoak. Hala ere, balkoira gerturatu eta txupinazoa botatzeko aukera ordezkari pare batek soilik edukiko dute, honen ardura nork izango duen ordea, ez dute aukeratu oraindik. «Langiletik 10-12 lagun eta gure elkartetik beste hainbeste elkartuko gara udaletxearen barrenean; txupinazoa botatzera baina, talde bakoitzeko pertsona bat gerturatuko da balkoira, baina oraindik ez dugu erabaki nor izango den», dio Zuzak. Langilekoek erabakia momentuan bertan hartuko dutela diote: «Oraindik ez dugu erabaki zein gerturatuko den balkoira, egunean bertan udaletxean elkartzerakoan aukeratzeko asmoa dugu», azaldu du Murgoak. Bestalde, udaletxera igoko direnen artean gaur egun lanean ari direnez gain, ikastolarekin harremana izan duten pertsona ezberdinak ere gonbidatu dituzte, haien artean, aspaldiko irakasleak, mantenuan ibitzen ziren langileak, gela-buruak, irakasleak…
Langile ikastolako ikasle ohiek urteurren bazkaria izan zuten maiatzean.
Urteurren berezirako ospakizun berezia antolatzea zen bi taldeen plana, baina, bi urteko pandemiak guztia birmoldatzea ekarri zuen. «Azken bi urte hauek eromen bat izan dira. Ahalegin guztiak egin ditugu erritmoa jarraitzeko baina oso zaila izan da guretzat egoera berri honetara egokitzea. Denontzako berria zenez, inork ez zekien nola erantzun behar genuen. Gertutasun falta handia sentitu dugu eta harremantzeko zailtasunak izugarriak izan dira», azaldu du Murgoak.
Hala ere, 50 urte egunero ospatzen ez direnez, plangintzarekin aurrera egitea erabaki zuten, egoera berrira moldatuz eta urteurrena behar den moduan ospatzeko aukerak eskainiz: «Bi urte hauetan zehar gauza ezberdinak antolatzen saiatu gara, ekintza ezberdin txikiak. Hasieran hitzaldiak antolatu genituen, ikastolaren historia pixka bat gogoratuz. Lehendabiziko ekintzak burbuiletan egin genituen, ez genuen beste modurik, baina, horrela ere, magoak eta pailazoak ekarri genituen, baita dj-ak ere. Aurrerago, argazki erakusketa bat eta antzerki bat ere prestatu genituen Biteri Kultur Etxean. Bideo bat grabatzea ere lortu genuen. Hasieran zehaztutako programa eta bukaerakoa ez dira berdinak izan, baina, guztiz alboratua izan zen ekintza bakarra Florida auzoan egin behar genuena izan zen, bestela, modu batera edo bestera aurrera atera dugu plangintza. Maiatzaren amaieran antolatutako festarekin eman genion amaiera urteurrenari, langileko ikasle zein irakasle eta langileak batu eta egun osoko egitaraua antolatuz», azaldu du Murgoak.
Mendiriz Mendi elkartearen kasuan ere, urteurrena atzerapenarekin ospatu behar izan zuten. Orain dela urtebete egin zituen elkarteak 75 urte, baina, aurten egin dute ospakizuna. Horretarako, egun osoko plana izan zuten mendizaleek: «75 urteak ospatzeko egun berezia antolatu genuen ekainaren 4an, Atsegindegitik atera eta lasai lasai, paseo bat emanez Santa Barbara mendiko itzulia eginez. Bertan hamaiketako bat antolatu genuen eta izerdi pixka bat bota ondoren bazkaria egin genuen Akarregi sagardotegian», dio Zuzak. «Bertara elkarteko kideak, herritarrak eta elkarteko kide izandako zenbait lagun joan ziren eta guztira 80 pertsona elkartu ziren sagardotegian», azaldu du Zuzak.
«Indar berberarekin jarraitzen dugu garaiak asko aldatu diren arren»
Urte asko pasa diren arren, Langile ikastolako kideak eta mendi elkarteko kideak bat datoz gauza batekin: egoera berriek aldaketak egitera bultza dituzten arren, indar berberarekin jarraitzen dutela. «Orain dela 50 urteko langile ezta gaur egungoa, aldaketak eman dira, noski. Ikastola ilegala izatetik pribatua izatera pasa zen, eta orain, ikastola publiko bat da Langile, honek guztiak suposatzen duenarekin. Beste batzuen menpe gaude orain eta horrek aldaketak ekarri ditu. Irakasleak ez gara lehengoak, ezta ikasleak ere. Orokorrean bizitza aldatu egin da, bizi estiloa erabat ezberdina da lehengo garaiekin alderatuta eta alor honetan, teknologiak garrantzi handia izan du ikasketa prozesuan. Aldaketa batzuk onerako izan dira eta beste batzuk ez, baina horrela da, eta guk aurrera jarraituko dugu», berretsi du Murgoak.
Mendi elkarteak ere aldaketa hauen aurrean, egoera berri honetara egokitzea besterik ez zaie gelditu: «elkartera sartu ginenean gogo handia genuen, 3.000m-ko irteerak egiteko gogoz, gazte sasoia genuen; neguko irteerak ere egiten genituen, baita alpeetarako irteerak edota eskalada bezalako ekintzak. Denboraren poderioz, ordea, ekintza asko galduz joan dira», dio Rodriguezek.
Hau ohituren aldaketa bat dela azaldu dute. «Sozioen kopuruaren aldetik beste urteetan bezala jarraitzen dugu eta ez dugu arazorik, baina egia da, jada gazte jendeak ez duela beharrezkoa ikusten mendi elkarteetan apuntatzea eta bertan parte hartzea, mendira joateko modua aldatu egin da, ez da klubaren bidez egiten. Egun, mendiaren ibilbidea zein den jakiteko internetera jotzea besterik ez duzu. Mendia lehen aisialdirako ekintza bat bezala ulertzen zen, orain, ordea, lehiaketaren mundua sartu da, mendi lasterketena esaterako. Pozgarria da hau, baina egia da mendia ulertzeko beste modu bat dela», azaldu du Zuzak.
Bestalde, egungo teknologia eta aukera berriek, irteera bat egiteko behar zen prestaketa eta denbora murriztu dituzte: «lehen Aizkorrira joateko egun oso bat behar zen, trena hartu, autobusa… orain kotxearekin eguerdirako bueltan zaude eta arratsaldean beste plan bat egin dezakezu», gaineratu du.
Hala ere, urte luzeetarako indarra dutela adierazi dute bi taldeetako kideek eta herrian duten babesa eskertu nahi izan dute. Txupinazoaren jaurtiketarekin batera, parranda giroan murgildu eta jaiez gozatzea da egun hauetako plana.