Agerraldia egin du gaur, herritar talde batek

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 21a, 20:40

«Egunotako gertakarien larritasunak ez du beste aukerarik uzten, honetan ezin dugu enegarrenez ezikusiarena egin» nabarmendu dute.  

Herritar talde bat bildu da gaur arratsaldean, herriko plazan, hedabideen aurrean «azken egunotako gertaeren berri emateko». Eta honako adierazpena izan dute hizpide:  «Bada denbora bat herri mugimenduko kideen aurkako mehatxuak eta idatziak etengabeak direla. Orain arte eztabaida amaigabe horretan ez sartzeko ardurazko hautua hartu dugu, suak gehiago ez indartzeko eta elkarbizitza bermatzeko helburu argiarekin, baina egunotako gertakarien larritasunak ez du beste aukerarik uzten, honetan ezin dugu enegarrenez ezikusiarena egin. 

Udaletxearen okupazioa eta alkatetzaren aurkako jazarpena azken hilabete eta are urteetan Hernaniko herri mugimendu ezberdinetako kideen aurka gauzatutako mehatxu, jazarpen eta eraso kate luzearen azken katebegia baino ez da. Edozein jokaera justifikatzeko gai direla badirudi ere, badira zenbait ekintza justifika ezinak direnak.

Katea luzea da: gaztetxeko gertakariak; beren nahiak errespetatu ezean jaiak nahasteko mehatxu publikoak; txosna batzordearen erabaki legitimoaz geroztik txosna batzordeko kideen zein, bistan denez, Udalaren beraren aurka abiatutako jazarpen kanpaina… Bada, argi adierazten dugu jarrera eta jokabide horiek ez daukatela tokirik, ez Hernanin ez beste inon.

Azken asteetan talde horretako kideek Hernanin egindako mehatxuak eta jazarpenak, baita errealitatea desitxuratu eta biktima gisa agertzeko saiakerak ere, onartezinak dira, eta denoi arduraz jokatzea dagokigun honetan, lehendik dagoen ernegazioa areagotu baino ez dute egiten. Gezurra da haien kontrako inolako bazterketarik dagoenik: horren adibide dira duela aste gutxi Hernanin bertan egin zituzten topaketa nazionalak zein txosna-gunean dagoen eta euren ildo politikoari erantzuten dion txosna bera.

Hernani, beste behin, instrumentalizatzen eta zirku mediatiko bilakatzen ari dira. Herri honek iraganean bizi izan ditu antzeko pasarteak, eta oso presente dugu horiek Hernaniri zein Hernaniko herritarroi eragindako kaltea. Benetako arerioa elikatu besterik ez dute egiten horrela.

Berriro ere diogu: txosna batzordeak era autonomoan gauzatzen du bere jarduna, irizpide demokratiko eta aurrerakoiak, balore feministak, elkarrekiko errespetua zein ezberdinen arteko elkarlana oinarri. Hartutako erabakiak, gainera, badu jatorri argi bat: urteetan zehar etengabe kritikatzen, kontraprogramatzen, elkarlan zubi oro deliberatuki hausten, beren borondatea gainerakooi inposatzen saiatzen… dabiltzan horiekin dagoeneko elkarlanean aritzeko interesik eza. Azken batean, euren ekintzen ondorio zuzena da herri mugimenduak eurekiko azkenean hartu duen jarrera.

Azkenerako beren txosna muntatu izana, txosna batzordearen erabakiaren kontra eta Udalaren baimenik gabe, aipatu jarrera eta jokabidearen isla
ezin argigarriagoa da. 

Egoera honen guztiaren aurrean, Hernaniko herritarrok arduraz jokatu dugu orain arte, eta arduraz jokatzen jarraituko dugu hemendik aurrera ere. Jaiez gozatu nahi dugu. Hala, dei egiten diegu: TALDE HORRETAKO KIDEEI Udala, txosna batzordea, herritarrak eta jaiak errespeta ditzaten eta haien aurkako mehatxu eta jazarpen oro eten dezaten. HERNANIARROI ZEIN KANPOTIK ETORRIKO DIREN LAGUNEI jaiez goza dezaten, alaitasunean, askatasunean, aniztasunean eta elkarrekiko errespetuan, guk egingo dugun era berean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!