Desados agertu da Podemos, «animalien erabilerarekin»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 22a, 00:00

«Ez dugu nahi gure zergetatik horrelako jarduera krudelak ordaintzea» nabarmendu du Podemosek, eta azaldu du Gobernu taldeak erabaki politikoak hartu behar dituela.

Hiru urte igaro dira azken San Joanetatik, eta Elkarrekin Podemosek, ondoko galdera bota du, jarraian erantzuna emanez: «gauza asko aldatu dira ala ez al da ezer aldatu? Aspaldi ireki zuten talde antiespezistek jaietan animaliak erabiltzeari buruzko eztabaida Hernanin, eta, tamalez, eztabaida hori ahanzturan erori da. Ezaguna denez, gure udal taldea animalien tratu txarren, sokamuturraren eta bigantxen aurka dago». 

Aurten, Podemosek dio, gobernu taldeak aukera «paregabea» zuela garaiaren araberako zuzendaritza politikoa ezartzeko: «Politika berde, ekologista, sozialista eta feministetan oinarritutako printzipioak dituen alderdi batek ez luke animalien aurkako tratu txarrik onartu behar. Jai Batzordearen atzean ezkutatzen dira botoak galduko lituzketen horrelako erabaki politikoak ez hartzeko. Groucho Marxek esango lukeen bezala, printzipio horiek ez bazaizkie komeni, beste batzuk dituzte». 

Halaber, EH Bilduko Jon Iñarrutik Gorte Nagusietan aipatu zuena ere ekarri nahi izan du gogora: "Belaunaldi berriak haserretu eta lotsatu egingo dira ikustean 2021ean badirela oraindik ere plaza batean, txalo artean, animali bat torturatzea eta hiltzea dibertigarritzat dutenak, eta hori berandu baino lehen iritsiko da, gizartea eboluzionatzen ari delako eta ez delako ulertzen gaur egun horrelakorik izatea". 


«13.400 euro diru publikotik»

Animaliekiko errespetuaz, Podemosek Gobernu Taldearekiko desadostasuna adierazi du: «Gobernu Taldeak eta gizarte eragileek denbora daramate Hernani Burujabe proiektuaren barruan zainketa gaia lantzen, baina animaliekiko errespetua alde batera utzi dute. 13.400 euro diru publikotik, batzuek animalien aurkako tratu txarrekin ondo pasa dezaten. Lehen ere esan dugu, ez dugu nahi gure zergetatik horrelako jarduera krudelak ordaintzea. Ezta praktika horietarako leku publikoak erabiltzea ere. Aski da!». 

Bukatzeko,  Podemosek errepikatu du erabaki hori Gobernu Taldetik etorri behar dela, «ausarta izan behar dela eta erabaki politikoak hartu behar direla. Immobilismoari ez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!