Itxialdia egin zuen atzo Kontseilu Sozialistak, Hernaniko udaletxean

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 21a, 00:00

Hernaniko Udalak berretsi egin ditu txosnen inguruan hartu diren erabakiak.

Hernaniko Udalak orain arte erabakitakoa berresten duela adierazi du.

Joan den astean, Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak salatu zuen San Joanetako txosnagunean «beto politikoa» jaso zuela. Horren harira, hainbat eztabaida sortu dira azken egunotan, eta atzo, udaletxean itxialdia egin zuten Kontseilu Sozialistako hainbat kidek.

Udaletxera bertaratu ziren «San Joan jaietako txosnagunean ezarri diguten beto politikoa altxarazi eta irtenbide bat lortzeko borondatez». Hain zuzen ere, joan den astean salatu zutenez, «txosna batzordeko hainbat eragileren ekinbidez, txosna jartzea ukatu zaigu inolako arrazoi eta justifikaziorik gabe». Eta argi dute nor den horren atzean dagoena: «Sortu eta EH Bildu beto politiko bat ezartzen ari dira Mugimendu Sozialistaren aurka, bai Hernanin eta baita baldintzak dituzten leku guztietan ere. Azkena, Bilboko Deustuko jaietan».

Kontseilu Sozialistak nabarmendu zuen ahalegina egin zutela adostasunera heltzeko. «Azken hilabeteetan, lehendabizi txosna batzordean bertan eta, ondoren, EH Bildu buru duen udal gobernuarekin, saiatu izan gara egoerari aterabide bat ematen». Diotenez, hainbat proposamen egin dituzte: «Txosnaguneko ohiko kokapena aldatzea (Bilgune Feministak jarritako aitzakiak saihesteko) edota gure txosnarentzako kokapen alternatiboak mahai gainean jarriz».

Azken egunetan gaiak herrian sortutako ezinegonaren eta tentsioen aurrean, Hernaniko Udalak herritarrekiko mehatxu zein jazarpen guztiak onartezinak direla nabarmendu zuen Kontseilu Sozialistak.

 

Hernaniko Udalak, erantzuna

Hernaniko Udalak orain arte erabakitakoa berresten duela adierazi du: «orain arte egin den moduan, txosna gunearen antolaketaren ardura txosna batzordearena dela azpimarratu nahi dugu». Urteetan aurrera eramandako gestio eredu autonomoa balioan jarri eta hainbat eragilek osatutako batzorde horren erabakiak onartzen eta errespetatzen jarraituko duela gaineratu du Hernaniko Udalak. «Horrela, gune horretatik kanpo txosna espazio berririk sortzea ez dugu aurreikusten, aurreko urteetan beste eragileei adierazi izan zaien moduan». Eta Udalak argi utzi nahi izan du ardura honakoa dela: «herritarrek eta herrira etorritakoek jaiez gozatzeko bermeak jartzea, eta horretan buru belarri lanean jarraituko dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!