Kontseilu Sozialistak itxialdia egin du udaletxean

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 20a, 12:43
Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistako zenbait kide Hernaniko udaletxean.

«Beto politikoa altxatzeko eta irtenbide bat lortzeko» hartu dute bertaratzeko erabakia. Ordezkariek Kronikari aurreratu diotenez, erantzunik jaso ezean, gaua bertan pasatzeko asmoa dute.  

Joan den astean, Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak salatu zuen San Joanetako txosnagunean «beto politikoa» jaso duela. Horren harira, hika-mika eta eztabaida sortu dira azken egunotan. Une honetan, udaletxean daude Kontseilu Sozialistako kideak. Kronikari azaldu diotenez, «erantzunik jasotzen ez badugu, hemen pasako dugu gaua». 


«Udalak eta Sortuk jarri dute beto politikoa»
Udaletxera bertaratu dira «San Joan jaietako txosnagunean ezarri diguten beto politikoa altxarazi eta irtenbide bat lortzeko borondatez». Hain zuzen ere, joan den astean salatu zutenez, «txosna batzordeko hainbat eragileren ekinbidez, txosna jartzea ukatu zaigu inolako arrazoi eta justifikaziorik gabe». Eta argi dute nor den horren atzean dagoena: «Sortu eta EH Bildu beto politiko bat ezartzen ari dira Mugimendu Sozialistaren aurka, bai Hernanin eta baita baldintzak dituzten leku guztietan ere. Azkena, Bilboko Deustuko jaietan».

Kontseilu Sozialistak nabarmendu du ahalegina egin duela adostasunera heltzeko. «Azken hilabeteetan, lehendabizi txosna batzordean bertan eta, ondoren, EH Bildu buru duen udal gobernuarekin, saiatu izan gara egoerari aterabide bat ematen». Diotenez, hainbat proposamen egin dituzte: «Txosnaguneko ohiko kokapena aldatzea (Bilgune Feministak jarritako aitzakiak saihesteko) edota gure txosnarentzako kokapen alternatiboak mahai gainean jarriz». Hala eta guztiz ere, oztopoak izan dituztela nabarmendu dute: «Udalaren partetik ez da borondaterik egon konponbiderako, aukera orori muzin egin die, txosnen eskumen osoa txosna batzordeari aitortzen diola errepikatu digute. Hala adierazi zuen-eta alkateak berarekin izandako azken elkarrizketan, gurekin bilerarik ez zuela egingo».

Horregatik guztiagatik, uste dute Udala «eskuak garbitzen» ari dela, «bera baita espazio publikoaren erabilera arautzen duena». Diote Udala «espazio publikoa pribatizatzen» ari dela, «herritarron sektore bat festen ospakizunetik kanpo utzi nahian eta gure eskubidea den txosna bat jartzeko aukera justifikaziorik gabe ukatzen». Gainera, diote, «instituzioetatik kanpo antolatzen garen antolakundeontzat ezinbesteko finantzazio iturri dira txosnak, eta are gehiago bizi ditugun garai hauetan, non MS 70.000 euroko isunak ordaintzera kondenatu duten Gasteizen, edota 40 urteko kartzela zigorren zein kostu ekonomikoetara Leioan. Horregatik, udaletxean itxialdia egingo dugu konponbide bat lortu arte».

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!