Ez da Herriartekoaren finalean izango Hernani, Oiartzunen galdu ondoren

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 20a, 08:02

Kadete eta jubenil mailako partiduak galdu zituzten hernaniarrek, semifinaletako bueltakoan; eta nagusietan irabazi arren, Oiartzunen aldekoa izan da tanteoa, 3-3ko berdinketarekin.

Ezin izan du balentria borobildu Hernanik, Herriarteko Txapelketan; eta finalaren atarian geratu da. 2-1 galdu zuen atzo Oiartzunen, semifinaletako bueltakoan, eta tanteoak eman die pasea oiartzuarrei.

Ez ziren ondo hasi gauzak hernaniarrentzat, kadete mailako partiduan ezin izan baitzuten tantorik lortu Xuban Iturbek eta Oier Azpeitiak, Oiartzungo bikote indartsuaren kontra. Berriro ere, bere maila erakutsi zuten Etxeberriak eta Leonetek.

Hori horrela, bi garaipen lortu beharra zeukan Hernanik, finalera pasea lortuko bazuen. Eta esperantza, jubenilen eta nagusien partiduetan zeukan jarrita Hernanik. Joanekoan, ezustekoa eman zuten Jon Jara eta Unai Etxarri jubenilek, garaipena lortuta, eta hori errepikatu nahi zuten bueltakoan. Landa eta Zabaleta kontrarioek maila haundia daukate, ordea; eta bukaerara arte lehiatu zuten arren, ihes egin zien garaipenak hernaniarrei (22-14). Eta horrekin, baita finala jokatzeko aukerak ere. Nagusietan edozer gerta ere, ezinezkoa zuen Hernanik, aurrera egitea. 22-11 irabazi zuten Xabier Salaberriak eta Markel Lizeagak, 3-3ko berdinketa jartzeko markagailu orokorrean, baina 23 tantoren aldearekin nagusitu zen Oiartzun.

Finaletik kanpo geratu arren, txapelketa haundia jokatu du Hernanik, eta gogotik estutu du Oiartzun faboritoa, azkenera arte. Horren erakusle da, makina bat hernaniar gerturatu zirela Oiartzunera, herriko pelotariak animatzera. Sekulako giroa jarri zuten frontoian, eta baita Oiartzungo kaleetan ere. Kanporaketa galdu arren, asko irabazi du Hernaniko esku pelotak, Herriarteko Txapelketa honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!