Gaur hasiko dira Leokako labaderoa berritzeko lanak

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 20a, 00:00

Gaur hasiko dituzte Leokako labaderoa zaharberritzeko lanak, Hernaniko Udalak aditzera eman duenez. Besteak beste, hainbat elementu sendotuko dituzte, harrizko hormetan garbiketa egingo dute, eta egurrezko egitura tratatuko dute. 1016an eraikitakoa da labaderoa, iturri eta garbileku publiko gisa erabili zena, eta herriko emakumeen bilgune ere bazena. 1980an eraberritu zuten, baina denboraren eraginez, «egitura eta inguru osoa oso kaltetuta daude».

Bi atal izango dituzte lanek. Lehenengoan, tratatuko dituzte antzinako iturria, iturria inguratzen duen erretaula, eta hareharrizko lau zutabeak. Eremu horretan, kenduko dituzte gaur egun dauden landareak, goroldioa eta onddoak, eta baita pintadak ere. Ondoren, iturria eta ingurunea berreraikiko dituzte, jatorrizko itxura berreskuratzeko asmoz. Eta azkenik, grafitien aurkako sustantzia bat aplikatuko dute, pintadak harriaren barrura ez sartzeko, eta errazago kendu ahal izateko. Lanen bigarren atala, labaderoaren inguruneari dagokio: egurrezko zutabeak, labaderoa, harrizko hormak eta bobedaren barruko iturria. Harrizko egiturak garbitu edo zigilatuko dituzte, egurrezko zutabeak barnizatu eta margotu, eta grafitien aurkako tratamendua egin.

2017ko Hernani Erabaki prozesuan aukeratu zuten proposamen hori herritarrek, eta 9.000 euroko partida gorde zen; baina azterketa egin ondoren, eta labaderoaren egoera uste baino okerragoa denez, 27.225 euroko partida aurreikusi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!