Etxean geratu ziren Tilos 7 Pasako txapelak, larunbateko final itogarri bezain ikusgarrietan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 20a, 00:00

Bi txapel jantzi ditu Enara Maciciorrek, asteburuan: Tilos 7 Pasan eta Adunan.

Eguzkipean eta sekulako beroarekin jokatu zituzten finalak, baina ikuskizun haundia eskaini zuten, bertaratutako ikusleen gozamenerako.

Ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, larunbat goizean jokoan zegoena, Tilosetako frontoian. Eta horregatik, bero itogarriaren eta eguzki gogorraren aurrean amore eman gabe, bere maila onena eskaini nahi izan zuten Tilos 7 Pasa txapelketako finalistek. Ikusgarriak izan ziren finalak, tanto oso lehiatu eta gogorrekin, bertaratuen gozamenerako.

Eta azkenean, etxean geratu ziren txapel guztiak, lau bikote hernaniar izan baitziren txapeldun. Nesketan, uste baino erosoago nagusitu ziren Enara Macicior eta Ane Kerejeta, partidu haundia jokatuta, Ainhoa Urienen eta Jone Ansotegiren kontra (22-5).

Gogorragoa izan zen lehenengo mailako finala, markagailuan aldea nabarmena izan arren: Endika Ramos eta Aiheko Zubimendi izan ziren txapeldun, Luixa eta Loidi menderatuta (22-12), oso final luzean.

Bigarren mailakoan ere, gogotik egin behar izan zuten lan Alain Agirrek eta Mikel Manterolak, Xikerren eta Aritzen kontra garaipena lortzeko (22-17). Eta beste horrenbeste izerdi bota zuten Ibai Larburuk eta Joanex Artolak, bero gehien egiten zuenean, Herrikoiko finala irabazteko: 22-9 nagusitu ziren, Apaolazaren eta Ezeizaren kontra.

14:00ak alderako zegoen aurreikusita partiduak bukatzea, baina 14:30ak paseak ziren, azkeneko tantoa jokatu zutenean. Edonola ere, berandu baina seguru, txapelketaren bukaerako bazkaria egin zuten elkarrekin, bai baitzeukaten indarrak berritzeko beharra!


Enara Maciciorrek, beste txapel bat Adunan

Beste txapel bat ere jantzi zuen Enara Maciciorrek, bezperan: Adunako Txapelketa irabazi zuen ostiralean, jubenil mailan. Txulobiko Izaro Etxarrirekin batera, 25-12 irabazi zuen finala, Ane Kerejetaren eta Behar Zanako Sara Iruretagoienaren kontra.

Erlazionatuak

Tilos 7 Pasako finalak

Kronika - Erredakzioa 2022 eka 19 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!