Eragileen arteko hika-mika, txosnaguneari buruzko auzian

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 19a, 00:00

Bere ikuspegia eman dute Bilgune Feministak, Boltaiak, Elkartasun Taldeak, Ernaik eta Ikamak, prentsa ohar baten bitartez. Kontseilu Sozialistak, berriz, alkatearekin hitz egin zuen ostiralean.

San Joan jaietako txosnagunean «beto politikoa» jaso duela salatu du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak, aste honetan. Eta hika-mika sortu da eztabaida horren harira, bere ikuspegia eman baitute egunotan bi aldeetako eragileek. Kontseilu Sozialistaren adierazpenei erantzunez, prentsa oharra zabaldu dute Txosna Batzordeko bost eragilek ere: Bilgune Feministak, Boltaiak, Elkartasun Taldeak, Ernaik eta Ikamak.

Diote, jairik gabeko bi urteren ondoren, «jaiez nola gozatuko dugu pentsatzen ibili baino, azken aldian sortu diren tentsioak eta hika-mikak nola kudeatuko ditugun aztertzen» ari direla. Eta nabarmendu dute, «denontzat gozagarria den espazio bat» sortu nahi dutela txosnagunean: «horregatik ez dugu orain arte idazkirik plazaratu, ez genuelako dagoen tentsioa areagotu nahi».

Azaldu dute, Txosna Batzorde­an «askotariko sentsibilitate eta iri­tziko eragileek» hartu izan dutela parte aspalditik: «noski, bestelako datetan ere antolatzen ditugu ekimen eta mobilizazio desberdinak, bakoitzak bere aldetik zein elkarrekin, baina betiere elkarrenganako errespetuz eta ondokoari inongo oztoporik jarri gabe. Horrela lortu dugu Txosna Batzordeak hainbeste urtez funtzionatzea, nahiz eta gai askoren inguruan bat ez datozen iritziak izan. Ildo sozialistako kideekin azken urteetan izandako harremana, berriz, ez da horrelakoa izan. Elkarlanerako aukera eskaini zaien bakoitzean, beti ezetz esan dute, argi utziz besteak politikoki kritikagarriak garela oso, horretarako eztabaidagarriak diren argudioak ere erabiliz». Gai­n­era, «oso kezkatuta» ager­tu dira, ekainaren 14ko batzordean «gaztetxeko kideek agertu zuten jarrerarekin. Batetik, adostutako indarkeriaren aurkako protokoloa onartzen ez zutela adierazi zuten; eta bestetik, ez zutela ontzat ematen guztion artean lantzen ari ginen elkarbizitza protokoloa. Beraz, nola bermatu txosnagunea guztiontzako espazio ziurra izango dela? Oinarrizko kontuetan bat ez bagatoz, nola partekatuko ditugu jai giroko espazioak?».

Kontseilu Sozialistak aipatu duen beto politikoaren harira, adierazi dute Kontrakantxa gaztetxea Txosna Batzordeko kide dela: «eta ondorioz, beraien ildo politikoa ordezkatuta dago. Non dago betoa? Egoera ikusita, Mugimendu Sozialistako parte den Kontrakantxaren txosna partekatzea proposatu zitzaien, beste txosna batzuek egiten dugun moduan; baina ez dute onartu». Azkenik, herritar zein bisitari guztiek «jaiez gozatzeko aukera izan dezagun bermatzearen aldeko deia» egin dute, eta aurreratu dute, beraien esku dagoen «guztia» egingo dutela, «giroa destentsionatu, sortu litezkeen gatazkak aurrez desaktibatu eta txosnaguneko giro ona babesteko».

 

Alkatearekin telefono deia, Kontseilu Sozialistak

Kontseilu Sozialistak, bere aldetik, Hernaniko udaletxera jo zuen ostiralean, alkatearekin bildu nahian, «bera baita espazio publikoa arautzeaz eta bere erabilera bermatzeaz arduratzen dena, azken instantzian. Horre­la, alkatea egun osoan zehar erantzun bat ematea saihesten ibili ondoren, arratsaldean telefono dei batez eman zigun erantzuna, orain artekoen logika berean: Udalak Txosna Batzordeari ematen dio zilegitasuna eta eskumena festen harirako edozein erabaki hartzeko, eta erabaki horrek herritarrak festetatik kanpo eta beren partehartzetik kanpo uzten badituzte, hor konpon». 

Zentzu horretan, adierazi dute «proiektu komunista eraikitzea asmo duen mugimendu bat» ari direla betatzen eta oztopatzen: «hau da, festetan edonork hartu dezake parte, baldin eta ideia komunistadun jendea ez bada». Eta diote, era berean, «gure aurka modu interesatuan eraikitzen ari diren iruditegiaren kontra», ez daukatela interesik eta beharrik festak oztopatzeko edota beste eragileek duten txosna jartzeko eskubidea ukatzeko: «horrelako gezurrak asmatzeak badauka zentzu bat Ezker Abertzalearentzat, beto politikoa justifikatzeko aitzakia bat edukitzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!