Tenperatura frexkatuta baina animoak bero-bero, San Joan jaiei begira

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 19a, 00:00

Dozenaka hernaniar eta galiziar aritu ziren hartubolean atzo, eta beste saio bat egingo dute gaur.

Atzoko bero sapa atzean utzita, giro atseginagoan ospatuko dituzte makina bat ekintza, gaur ere.

Hernani Sutan zeukan izena atzo, ohi bezala, San Joanen beroketa gisa kiroldegian jokatu zen boxeo beladak. Baina ukabilkaden beharrik gabe izan zen sutan Hernani atzokoan, arratsaldearen erdi aldera frexkatzen hasi zen arte: 40 gradutik gorako tenperatura ere izan zen. Horrela egin zituzten hartuboleko ikastaroak eta partiduak, goizean eta arratsaldean, kiroldegiko babesean. Babes hori gabe eta sekulako bero saparekin jokatu zituzten Tilos 7 Pasako finalak, luze jo zutenak, gainera. Etxean geratu ziren txapel guztiak: Enara Macicior eta Ane Kerejetak irabazi zuten nesketan, Endika Ramosek eta Aiheko Zubimendik 1go mailan, Alain Agirrek eta Mikel Manterolak bigarren mailan, eta Ibai Larburuk eta Joanex Artolak Herrikoiean. Arratsaldean, berriz, libratu ziren bero haundienaz, pixka bat behintzat, arratsaldeko Azeri Bila lasterketako partehartzaileak: Naroa Garmendia donostiarrak irabazi zuen nesketan, Miren Unzueta eta Ana Rodriguez hernaniarren aurretik; eta Unai Ibarra arrasatearra izan zen azkarrena mutiletan, Sergio Roman eta Gaizka Izagirre hernaniarrei aurrea hartuta. Tilos 7 Pasako zein Azeri Bilako emaitza guztiak, biharko Kronikan.

Giro frexkoagoarekin, eta atseginagoarekin, egin zuten Preludio kontzertua, gauean. Eta horrela egingo dituzte gaur ere, San Joanen aurreko beste hainbat ekintza. Goizean goizetik ibiliko dira Ereñotzuko Ozenki eta Goizuetako Umore Ona abesbatzak, ohi bezala, aurorak kalez kale zabaltzen. Kiroldegian, berriz, ikasturte bukaerako erakustaldia eskainiko du gimnasia erritmikoko taldeak, 09:00etan. Eta ez du hutsik egingo Palankarien Probak ere, bere 39garren edizioarekin: Sagastialdeko atletismo pistan izango da, 10:30etan hasita. Goizean izango da Gerardo Plazaren Oroimenezko Xake Topaketa ere, 11:00etan Atsegindegin.

Hartubolak, berriz, bigarren txanda izango du gaurkoan, kiroldegian bertan, Hernaniko eta Galiziako taldeekin: ikastaro teorikoa egingo dute 10:00etan, eta partiduak jokatuko dituzte ondoren, 11:30etatik 13:30etara.

Erdi Aroko Azoka, gaur ere

Aurreko guztiak nahikoa ez, eta Erdi Aroko Azokak ere izango du segida, gaurkoan. Makina bat postu jarri dituzte Plaza Berrin, Urbieta kalean eta Tilosetan, mota guztietako produktuekin: eskulanak, janariak, sendabelarrak, ukenduak... Eta ostiralean edo larunbatean horiek bisitatzerik izan ez duenak, gaur dauka azkeneko aukera, goizez zein arratsaldez. Gainera, haurrentzako eremu berezi bat ere izango da azokan, umeen irudimena eta jolasteko gogoa piztuko duten egurrezko jostailuekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!