Tilos 7 Pasako lau finalak gaur jokatuko dira 10:00etatik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 18a, 00:00

Joanex Artolak bigarren urtez jarraian finala jokatuko du.

Nesken finalarekin hasiko da eta ondoren lehenengo mailakoa, bigarrengoa eta herrikoia jokatuko dira.

Tilos 7 Pasa txapelketako finalak gaur jokatuko dira 10:00etan hasita. Bi hilabete bete izan dira partidu askorekin emozioz beteak gehienak eta ikuskizuna izan da. Aurten gainera euriarekin ez da arazorik izan eta egutegia ongi bete da. Gainera, gaurko beroa dago iragarrita eta finalak jokatzeko ez da arazorik izango.

Lehenengo finala, 10:00etan, neskena izango da eta pasa den urteko final berdina jokatuko da: Urien eta Antsotegi, Mazizior eta Kerejetaren aurka. Aurreko urtean azken hauek irabazi zuten 22-15. 

Ondoren, lehenengo mailakoek jokatuko dute 11:00ak aldera. Ramos eta Zubimendik, Loidi eta Luixaren aurka jokatuko dute. Hernaniarrak dira faborito. 2021ean ez zuten jokatu, baina aurten txapela berreskuratzeko irrikitan daude.

Jarraian, 12:00ak aldera, bigarren mailakoen norgehiagoka jokatuko da: Agirre eta Manterolak aurkari izango dituzte Xiker eta Aritz. Hemen ere, final berria izango da.

Eguerdian, 13:00ak aldera,  txapelketa herrikoiko finala jokatuko dute, eta protagonista izango dira honako bikote hauek: Joanex eta Larburu; eta Apaolaza eta Ezeiza. Joanex eta Larburuk aurreko edizioko arantza nahi dute atera. Azpitxapeldun izan ziren finalean Polaina eta Arregiren kontra 22-16 galdu eta gero. Final guztiak amaitu ostean, sari banaketa egingo da eguerdiko 13:45ak aldera, frontoian bertan.

 

Udaberrian argitasuna irabazten du 

Pandemiaren eraginez bertan behera geratu zen txapelketa 2020an, eta 2021ean udazkenean jokatu zen. Aurten 67 bikoterekin, lau kategoriatan, txapelketak berriz ere argitasuna irabazi du eta jende gehiago erakartzen du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!