«Preludioa da kontzertu bat non kultura herriak egiten duen eta hori magikoa da»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 18a, 00:00

Roberto Pacheco ezkerrean eta Miren Gojenola eskuinean, herriko plazan.

Gaur gaueko 22:30etan emango zaio hasiera XXVII. Preludioari eta aurten Incansables txaranga eta Ruth Martin omenduko dituzte. Xehetasun gehiago eman dituzte Roberto Pacheco musika arduradunak eta Miren Gojenola arte eszenikoen arduradunak. Horrez gain, atzo etxeko txikiek ederki abestu zuten Preludio txikian, eta Kronikak momentu horiek izoztu ditu. 

San Joan giroan sartuko gara gaurkoan, bete-betean. Izan ere, XXVII.Preludioak hartuko du Atsegindegi. Hala ere, atzo, herriko txikien ahots zoragarriek iragarri zituzten San Joan jaiak, eta gaur gaueko 22:30etan, helduek hartuko dute batuta. Preludiorako dagoeneko dena prest dute Roberto Pachecok eta Miren Gojenolak. Hala, preludioak izango dituen xehetasunei eta berrikuntzei buruz jardun dute Kronikarekin.  Atsegindegin egitearen arrazoiak mahai gainean jartzeaz gain, bi urteko etenaldiaren ostean «gogoz» daudela ziurtatu dute. 

Pachecok, nabarmendu du «berezia» izango dela gaurko XXVII.Preludioa: «bi urte egon gara preludiorik gabe eta etenaldi luze baten ostean, bueltan gara. Duela denbora asko geneukan errepertorioa erabakita, eta tira, nik uste dut aurtengoa oso berezia izango dela, bi urte daramazkigu preludiorik gabe eta gogo haundia dugu gaurko preludiorako. Azkenean denok elkartuta egongo gara, azken urteetan dena banatuta egin dugu, baina gaurkoan denok elkarrekin osatuko dugu preludioa eta ilusioa nabaria da». 

Mirenek hartu du hitza Pachecok amaitu bezain laster, eta gaurko preludioko kalitatearen garrantzia goraipatu du: «2020rako prestatu zen abesti sorta bat, eta gaurkoan argitara aterako da. Asko kostata, baina aurrera goaz, eta gaurkoan preludioak iragarriko ditu San Joan jaiak. Entsaioetan harrituta gelditu naiz, ikusi dut talentua eta ikusi dut benetako gogoa. Ni, musikalki ez naiz inor ezer esateko, baina oso gustura egon nintzen entzuten eta ikusten zen gogoz entsaiatzen zutela. Kalitatea garrantzitsua da eta hori nabaritu nuen, kalitatea bazegoela».  

Atzo arratsaldean eskaini zuten herriko txikiek preludioa, Atsegindegin. Argazki guztiak ikusgai: 'kronika.eus'.  
 

Hari beretik, arte eszenikoari buruzko pare bat zertzelada eman ditu, besteak beste, nabarmendu du bi omenaldi egingo direla, bata Incansables txarangari, 50 +2 urteurrena duelako eta bestea, berriz, Ruth Martini. Horrez gain, Gojenolak dio berrikuntza haundirik ez dagoela: «nire lehenengo urtea da, ni Ruthen ordez nago, eta sekulako maila utzi zuela esan behar dut. Baina berrikuntza gisa, aipatuko nuke, gaurko preludioa bi aurkezlek aurkeztu beharrean, lau izango direla oholtza gainean. Herritarren argazkiak ere aterako ditugu eta proiekzio bidez ikusi ahal izango dira». 

 
Bi omenaldi,  gaurko preludioan 

Aurrez aipatu moduan, bi omenaldi eskainiko dira gaurkoan, eta Ruthen omenaldiari buruz hasi dira hizketaldi batean. Pachecok errespetu guztiarekin, adierazi du oso figura garrantzitsua izan dela Ruth Martin musika munduan: «eta noski preludioan ere pieza oso garrantzitsua zen, eta betirako izango da guretzat horrela... hain gazte joan zen gure artetik... Hala ere, gogoan izan nahi dugu, eta horregatik, kontzertuan momentu oso hunkigarri bat biziko dugu, seguru». 

Gojenolak, omenaldiari buruzko azalpen gehiago eman ditu jarraian: «bi abesti dira berari zuzendutakoak, eta omenaldian parte hartuko dute, abesten Ainara Ortegak, eta dantzan Elene Carretok. Horrez gain, argazkiak proiektatuko ditugu, Ruthen omenez. Detaile txikiak izan ditugu kontutan, txistua entzunez gero askori Ruth etorriko zaie burura, eta honelako zertzelada txiki gehiago ere izan ditugu kontutan. Espazio honi, Ruthen txokoa deitzen diot nik». 

Musika errepertorioari buruzko hizketaldian, Xabier Zabalarekin gogoratu da Pacheco: «Azkenean berak darama zuzendaritza musikala eta berak batzen gaitu. Preludioan herriko hainbat musika elkartek edo taldek hartzen dugu parte, eta berak osotasuna emateaz arduratzen da, batu egiten gaitu, talde haundi bat sortuz. Duela urte batzuk, askotan edukitzen genuen arazoa izaten zen talde bakoitzak bere bidetik ikusten zuela preludioa, eta kanpotik nabaritu egiten zen. Baina orain, nahiz eta pieza ezberdinekin osatu preludioa, osotasuna dauka, eta hau Xabier Zabalari esker izan da. Euskal Herri mailan, Xabier Zabala aski ezaguna da, azken urteetan musika munduan sekulako proiektuak egin ditu, Pirritx eta Porrotxekin adibidez, Garikoitz Mendizabalekin ere bai... Lan asko egin ditu Zabalak, eta horietako batzuk joko ditugu. Guretzako noski, beti izango da ohorea Xabier Zabalaren lanak jotzea. Duela hilabete batzuk, Hernaniko Musika Bandak estreinatu zuen Jon Esnaolaren obra bat, eta gaur bigarren aldiz joko dugu».  Jon Esnaolaren obra honek, Roberto Pachecoren anaia omentzen du: «Esnaolak Hernaniko Musika Bandako zuzendariari dedikatutako obra bat da, hain justu nire anaiari, Jorge Pachecori. Eta lehenengo aldiz entzun nuenean, iruditu zitzaidan preludiorako oso polita izan zitekeela. Pirritx eta Porrotx pailazoek egindako abestiren bat ere joko dugu, Korrikakoak…». 

Emanaldi borobila eskaini zuten Ttarla Dantza Taldekoek, doinu eta erritmo ezin hobeak lagunduta.

 

Aurtengo preludioa, Atsegindegin

Preludioa non izango den erabakitzeko erantzukizuna antolatzaileek eduki arren, azken hitza, eguraldiak izan ohi du, eta hala gertatu da aurten ere, Atsegindegin egingo da preludioa,  ‘hobe da bat eskuan, ez bi auzoan’.  Bi espazio hauei buruz jardun du Pachecok:  «musika eskolako langileekin komentatzen nuen, ohituta gaudela begiratzera euria egingo duen ala ez. Baina orain daukagun egoerarekin, hau da, beroarekin, erreparatu behar dugu egokiena plazan egitea ala Atsegindegin egitea den. Askotan, arazoa izaten da erabaki bat hartu behar dugula, bi preludioetarako, eta erabakia leku bakarra da, kasu honetan Atsegindegi. Ez geneukan oso argi, atzo egin zen preludio txikirako ez genuen arazorik ikusten, eta plazan egin zitekeen, baina gaurkoa… Nire ustez, kontutan hartu behar dena da, ez dela konparatu behar plaza, Atsegindegirekin. Jarri behar da testuinguruan: euria eginez gero Atsegindegin da, edo bestela ezer ere ez. Ba ezer ez egitea baino, hobe izango da Atsegindegi ezta?». Eta Gojenolak arrazoia eman dio Pachecori, honakoa adieraziz: «argi daukagu Atsegindegi ez dela berdina, baina Preludioa Atsegindegin izanda ere, oso gustura joaten da jendea, azken finean, hain maiteak ditugun herriko jaien iragarpena da Preludioa. Gainera, bi urteko etenaldiaren ostean, herritarrak gogoz daude, eta pentsatzen dugu ulertuko dutela Atsegindegin egitea hautatu izana. Nik uste dut, edozein tokitan eginda ere, preludioa beti izango dela berezia». 

Gojenola pozik agertu da, berak eramango duelako arte eszenikoen testigua: «proposatu zidatenean arte eszenikoak nik eramatea asko poztu nintzen, segituan esan nien baietz, eta niretzako ohore haundi bat da Ruthen lekukoa hartzea. Gustatzen zait loturak egitea, hariak lotzea, eta preludiorako hori egin dut, pieza txikiak lotu eta zerbait polita sortu». 

 

Aloña Beraza aritu zen aurkezle lanetan preludio txikian.
 

«Herritarrek egiten dute kultura»

Bai Gojenolak eta baita Pachecok ere, argi dutena da, preludioak baduela magia puntu bat: «preludioa da kontzertu bat non kultura herriak egiten duen. Ez da herriak kultura kontsumitzen duela, baizik eta herriak berak egiten du kultura. Herritarrok osatzen dugu kontzertua, denok hartzen dugu parte, batzuk behean eserita eta batzuk kontzertua eskaintzen, sortzen da armonia eder bat».

Saxofoi doinuak ere entzun ziren atzoko preludio txikian.
Erlazionatuak

Preludio Txikia 2022

Kronika - Erredakzioa 2022 eka 17 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!