«Udala bera da Hernaniko sokamuturra begi onez ikusten ez duena»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 18a, 00:00

Sokamuturra 2019ko San Joanetan. Argazkia: Aitor Urkia

Sokamuturra Bai taldeak salatu du Udalak oztopoak jarri dizkiela aurtengo egitarauan.

Sokamuturra Bai taldeak gogoeta egin du orain arte egindako ibilbidearen eta sokamuturra zein zezen txikien ekitaldien momentuko egoeraren bueltan. «Lehenik eta behin, begirada atzera botaz, bost urte dira jada sokamuturra eta zezen txikien egun bat kendu zela San Joan jaietako egitarautik», hasi dute idatzia taldeko ordzkariek. «Bat-bateko erabaki hori izan zen talde hau sorrarazteko arrazoi nagusiena, izan ere, hernaniarron zati haundi batentzat benetan garrantzitsua den ospakizuna dela uste dugu (horren isla da plaza urtero bete izana) eta Jai Batzordean ordezkatuta egotea ezinbestekotzat ikusten genuen. Taldearen helburua argia izan da hasieratik eta kendutako eguna berreskuratzea izan dugu ardatz». 

Nabarmendu dutenez, urteak daramatzate Jai Batzordean «sokamuturrerako zehazki egin daitezkeen hobekuntza-proposamenak eginez edota ekainaren 27ko sokamuturra zein zezen txikiak berrezartzeko lanean». Besteak beste, honako proposamen eta eskaera hauek egin dituztela aipatu dute: «plazako lurrean antideslizantea botatzea, hirugarren egunaren kostu ekonomikoa gure gain hartzea, Covid neurriak betetzen zituen ospakizun bat aurkeztea, eta abar». Baina, diotenez, «kasu guztietan» ezezkoa jaso dute Udalaren aldetik. «Hala ere, Sokamuturra Bai-k etengabeko bileretan adierazitako jarrera hasieratik izan da egitarau anitz baten aldekoa eta beti onartu ditugu gurekin bat ez datozen proposamen edota ekitaldi alternatiboak. Sarritan azpimarratu izan dugu gainontzeko ekitaldiak eta gurea ordu berean egitea aberasgarria izan daitekeela, bata edo bestea kendu gabe, herritarrentzat zerbait positiboa dela uste baitugu».

Aurrekoari gehitu diote prozesu horretan guztian beraien «prestutasuna» adierazi dutela «edozein lanketa edo eztabaida aurrera eramateko; baita herri mailara zabaltzeko ere». Horren erakusgarri da, aipatu dutenez, 2019ko maiatzaren 9an Biterin egindako mahai ingurua: «Bi aldeetako ikuspuntuak eta hausnarketak plazaratzeko balio izan zuen eta jendez lepo bete zen aretoa. Lanketa horri, ordea, ez zitzaion jarraipenik eman Covid 19-aren ondorioz».

Pandemia garaia bazen ere, diote, «bideo deiez egindako bilerak tarteko, Sokamuturra Baik Jai Batzordean jarraitu zuen eta Biterin Euskal Zezenzale Elkarteak egindako Suharra dokumentala proiektatu zen San Joanetako egitarauaren barruan. Momentu politak bizi izan ziren, behin emanaldia amaituta, belaunaldi desberdinetako pertsonak baserri munduaz hitz egiten gelditu zirenean».

 

«Bigarren egunaren inguruan zalantza sorrarazi nahi izan zuen Udalak»

Aurtengo egitarauri dagokionez, nabarmendu dute Jai Batzordean bildu direla «ohiko San Joan jaiak antolatzeko asmoz». Bizitakoaren harira, hauxe salatu dute: «Bakoitzak bere proposamenak aurkeztu ondoren, azken urteetan ohikoa bihurtzen ari den bezala, gure hirugarren egunaren ezezkoa jaso genuen. Horretaz gain, ordea, denon harridurarako, bigarren egunaren inguruan zalantza sorrarazi nahi izan zuen Udalak. Guk tinko argudiatu genuen bigarren egun honen garrantzia eta beste eragileek ez zuten kontrako aldarririk egin. Hori horrela, urtez urte herriko plaza zein Latxunbekoa jendez betetzen duen ekitaldi batek; eta gainera, Jai Batzordearen aldetik kontrako jarrera nabarmenik ez duen ospakizun batek, zergatik jasan behar du etengabeko zalantzan jartze hori?». 

Aipatutako guztiagatik, salatu dute Udala izan dela oztopoak jarri dizkiena: «Argi gelditu da, nahiz eta orain arte batzordean traba gehien jarri dizkigun eragileak aurtengo San Joanen antolakuntzan ez parte hartu, Udala bera izan dela Hernaniko sokamuturra begi onez ikusten ez duena. Aurten inolako ekintza alternatiboetarako proposamenik gabe (ezta azken egunekoa ere), bigarren eguna zalantzan jarri nahi izan baitu Jai Batzordea eta herritarren gehiengoari entzungor eginez».

Hori horrela, amaitu dute esanez helburua lortzeko bidean jarraituko dutela: «Jarrera hauen aurrean, argi dugu lanean jarraituko dugula 500 urtez baina gehiagoz aurrera eraman den euskal ohitura hau babestuz eta Hernaniko San Joanetan adin-tarte desberdinetako hainbeste jende elkartzen dituzten zezen ekitaldi hauek sustatuz. Ondo pasa jaiak eta mila esker jasotako babesagatik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!