Hartubol topaketa bi egunez, hernaniarrekin eta galiziarrekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 17a, 00:00

Goiz Eguzkiko Hartubol taldea Urumea Ikastolako ikasleekin.

Bihar eta etzi, norgehiagoka guztiak 11:30etatik 13:30etara izango dira kiroldegian.

Hitzordu berezia dute asteburu honetan Hernaniko Hartubol taldekoek. Izan ere, bi eguneko topaketa antolatu dute, eta, gainera, bisita polita jasoko dute hernaniarrek; hain zuzen, Galiziako jubilatu talde batek Hernanira bidaiatuko du topaketan parte hartzeko. Beraz, ez dira nolanahiko jardunaldiak izango. 

Norgehiagokak bihar eta etzi izango dira,  goizeko 11:30etatik eguerdiko 13:30etara. Hartubolean aritzearekin batera, elkar ezagutzeko eta ondo pasatzeko tartea ere izango dute guztiek. Gainera, aurreratu dutenez, Antonio Piñeiro galiziarra bertaratuko da Hernanira, Mexikon oporretan egon ostean, 2003. urtean Galizian kirol hau ezagutarazi zuena. «Mexikon zegoela, kalean ikusi zituen adin nagusiko emakumezkoak eta gizonezkoak baloi batekin, eta bi taldeen artean sare bat zuten. Orduantxe jakin zuen cachibol deitura zuen kirola zela hori», kontatu dute Hartubol taldekoek. «Piñeirok jakin zuen Mexikon gobernuak 30 urte baino gehiago zeramatzala ekintza bultzatzen, eta jubilatu elkarteek taldeak zituztela txapelketetan parte hartzeko. Hori horrela, erabaki zuen cachibol-a bere herrira ekartzea. Eta horregatik, bere esperientzia eta ezagutzak balio haundia izango du guretzako», aipatu dute. 

Hartubola aspaldi sortu zela kontatu dute: «1895. urtean asmatu zuen Clara Gregory soinketako irakasleak, Amerikako Estatu Batuetako Newcomb College ikastetxean. Hala ere, garai hartan, mutilek parte hartzen zuten eta neskek, orokorrean, soilik begiratu. 19. mendean emakumea kirol baten sortzaile izatea eta kirolean aritzea ez zen ondo ikusia eta, horregatik, hartubolak ez du lortu boleibolak duen arrakasta izatea (igeriketa eta futbola ondoren, esaten da boleibola dela munduan gehien praktikatzen den kirola). 

Asteburu honetan, gozatzeko eta dibertitzeko parada ezin hobea izango dute guztiek. Gainera, adin tarte guztietako herritarrei luzatu diete entrenamenduetan eta topaketetan parte hartzeko deia. Izan ere, diote, «ez da soilik helduentzako kirola. Helburua ez da konpetizioa, soilik jolasa; ez dago garaile edo galtzailerik, hemen denek irabazten dituzte osasuna eta lagunak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!