Udako Festa egingo dute Gabriel Zelaia plazan, pailazoekin eta haurrentzako dantzaldiarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 16a, 00:00

Zelabide Auzo Elkarteak antolatuta, bihar egingo dute, arratsaldetik gauera, Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoekin eta Laiotz taldearekin.

Bereziki haurrei zuzendutako jaia antolatu du Zelabide Auzo Elkarteak, bihar arratsalderako: Udako Festa ospatuko dute Gabriel Zelaia plazan, 18:00etan hasita, goizaldera arte.

Pailazoen emanaldiarekin emango diote hasiera festari, 18:00etan. Bertan izango dira Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoak, auzotarren irriak atera eta familia giroa zabaltzeko prest. Ondoren, Laiotz taldea izango da, denak dantzan jarriko dituena. Bi txandatan joko du Laiotzek, Gabriel Zelaian. Lehenik, haurrentzako dantzaldia eskainiko du, iluntzeko 20:30etan hasita. Ordu eta erdiko emanaldia izango da, eta 22:00ak aldera bukatuko da.

 

Helduentzako dantzaldia, goizaldera arte

Ordubetez atsedenerako tartea hartu ondoren, gazte eta helduei zuzendutako dantzaldia eskainiko du Laiotzek. Gaueko 23:00etan hasiko da hori, eta bi ordu eta erdikoa izango da, goizaldeko 01:30ak arte.

Gainera, Zelabide Auzo Elkarteak jakinarazi duenez, txosna ere jarriko dute Gabriel Zelaia plazan bertan, jatekoarekin eta edatekoarekin. 17:30etan irekiko dute txosna, eta ogitartekoak es­­kainiko dituzte 20:00etatik au­rrera, etxera afaltzera joan beharrik ez izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!