Preludio txikia eta preludioa Atsegindegin egingo dira aurten

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 15a, 16:13

Dantzariak oholtza gainean, 2019ko preludioan.

Larunbat arratsalderako euria eta haizea daude iragarrita, eta horregatik erabaki da emanaldia aterpean egitea. 

«Zoritxarrez, erabaki gogor hau hartu behar izan da aurten ere», hasi du jakinarazpena Udalak. Hain zuzen, larunbat eguerdira arte eguzkia eta eguraldi egonkorra iragarri bada ere, eguerditik aurrera euria eta tenperatura jaitsiera espero dira. «Hori kontuan izanda, preludioa Atsegindegin egitea erabaki da, eta horrekin batera, baita preludio txikia ere». Izan ere, diote, «bi ekitaldietarako oholtza eta material bera erabiltzen dira, muntaketa oso haundia da, eta horrenbestez, beharrezkoa da ostegunean hastea». Hori horrela, erabakia bi ikuskizunetarako hartu da. 

Hala ere, urtero bezalaxe, gozamena ziurtatuta egongo da: «Atsegindegi plazan mimo eta lan handiarekin egindako preludioa aurkeztuko dute Hernaniko taldeek eta seguru gaude guztion gozamenerako ekitaldia izango dela San Joan jaiak iragartzen dituen emanaldi hau», nabarmendu du Udalak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!