Jaietako txosnetako «beto politikoa» salatu du Kontseilu Sozialistak

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 15a, 00:00

Adierazi du «Sortu/Bildu bere indar posizioa erabiltzen» ari dela, Mugimendu Sozialista  kanporatzeko txosnagunea bezalako guneetatik.

Ohar kritikoa zabaldu du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak, salatzeko «beto politikoa» ezarri diotela San Joan jaietako txosnagunean: «Mugimendu Sozialistatik, txosna jartzeko asmoa adierazi dugu, gure jardun politikoa aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa zaiguna. Baina, beste hainbat lekutan gertatzen ari den bezala, Sortu/Bildu bere baliabide eta indar posizioa ari da erabiltzen, Mugimendu Sozialista txosnagunea bezalako guneetatik kanporatu eta betatzeko, defendatzen duen posizio politikoagatik».

Azaldu dute, txosna batzordea biltzen hasi zenetik hartu dutela parte, eta txosnagunean «toki bat libre» egonda, ez zegoela «arrazoi teknikorik» beraien partehartzea ukatzeko. «Hala ere, hasieratik aritu dira Ezker Abertzalea, Mugimendu Feminista eta horien inguruko beste eragileren bat, guk txosna jartzea galarazten saiatzen. Arrazoi politikoak eman eta eztabaida politikoa elikatzetik oso urrun, duten indar posizioa erabili dute Mugimendu Sozialista txosna batzordetik kanporatu eta beto politikoa ezartzeko». Azaldu dute, Hernaniko Udalera ere jo zutela, «txosna batzordearen erantzukizuna berea delako, eta gure txosna beste toki batean ere jartzeko prest geundelako». Baina diote, horren inguruko erabakiak txosna batzordearengan delegatu zi­tuela EH Bilduk, «eskuak garbi mantendu nahian». Alternatibak ukatu dizkietela salatu dute, eta «San Joanetan parte hartzeko aukerarik eta finantziazio iturririk gabe» utzi nahi dituztela.

 

«Administrazio publikoa erabiltzen ari dira, beto politikoa bermatzeko»

Kontseilu Sozialistak azaldu du, era berean, «jokaldi orokortua» izaten ari dela hori, «Euskal Herriko hiri, herri eta auzo ezberdinetan». Eta uste dute, Sortu eta EH Bildu «administrazio publikoa erabiltzen» ari direla, «ezarri diguten beto politikoa bermatzeko. Justifikaziorako arrazoi faltan, lehenagotik datorren intoxikazio kanpaina erabili dute, eztabaida nahasi eta haiek ezarritako beto politiko hau ezkutatzen saiatzeko, maiatzeko agerraldia kasu».

Azaldu dute, «ezinbesteko fi­nantziazio iturria» direla txos­nak, «era independentean antolatzen garen antolakundeentzat. Horregatik kokatzen dira, Mugimendu Sozialistaren aurkako erabaki hauek, Sortu/Bilduk gure aurka daraman bazterketa eta kriminalizazio kanpaina oroko­rrago baten baitan». Gainera, uste du txosna jartzea ukatu izanak «tentsioa areagotzeko intentzioa» daukala. «Esan izan dugun beza­la, gu gara egoera honekin amaitu nahi dugun lehenak, eta kalean sortzen ari diren tentsioei aterabidea emateko borondatea adierazi dugu. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da politika egiteko berme batzuk lortzea: propagandaren aurkako erasorik ez jasatea, beto politikorik ez egotea... Batzuek jada aukeratu dute egoera baretzeko bitartekoak jarri beharrean, gure proposamenei muzin egin eta suari egurra botatzen jarraitzea. Militantziarako eta politikarako baldintzen defentsan jarraituko dugu, eta horretarako, beharrezkoa dugu festetan normaltasunez parte hartzea. Txosna jartzeko borondatearekin jarraitzen dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!