'M ama* eme* ume*' liburua aurkeztuko dute egileek bihar, Kulturarteko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 15a, 00:00

Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez, liburuaren egileak.

Bertan izango dira Estitxu Fernandez eta Erika Lagoma, 17:30etan, «feminismotik eta amatasunetik gauzatutako liburua aurkezteko».

Ekitaldi berezia izango da bihar arratsaldean, Kulturarteko Plaza Feministan: M ama* eme* ume* liburua aurkeztuko dute bere egileek, Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez lesakarrek. Arratsaldeko 17:30etan egongo dira bertan, «feminismotik eta amatasunetik pentsatu eta gauzatu» duten liburuaren nondik norakoak azaltzeko. Herritar guztiei irekia izango da, eta haur zaintza zerbitzua ere egongo da. 

Joan den urteko Tene Mujika bekari esker osatu dute liburua bi lesakarrek, eta aurtengo maiatzean aurkeztu eta argitaratu dute. 13 lekukotasun bildu dituzte bertan, 11 ama eta bi aitaren testigantza bana: bikotedunak eta bikotegabeak, heterosexualak eta homosexualak, amabakarrak, adoptatzaileak, ama ez izatea erabaki dutenak... «Askotarikoak dira esperientziak eta bizipenak, ugariak iritziak, eta desberdinak mundu-ikuskerak; guztiak ere aberasgarriak eta zer pentsatua ematen dutenak».

Nabarmendu dute, «ama anitzek» ikusiko dutela beren burua islatuta, «haren edo honen kontakizunean; eta era berean, sentituko dute beren ikuspegia edo eskarmentua falta dela, nork bere modura bizi izan duelako amatasuna. Horientzat denentzat, bai ama izan ez diren emakumeentzat (beren erabakiz edo ezinez) nahiz gaiarekin sentsibilizatuta sentitzen diren gizonezkoentzat da liburu hau, inertziak apurtuz, geure buruarekin adiskidetzeko eta denon artean mundu justuago eta bizigarriago bat eraikitzeko gonbita egiten diguna», azaldu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!