Aniztasunak elkartuta, ederki pasa zuten herritarrek asteburuan V. Inlkusibo Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 14a, 00:00

V. Inklusibo txapelketako parte hartzaileak Garagardo azokan, garaikurrekin.

Errugbiaz gain, txingetan, lokotxetan, soka-tiran, harria jasotzen, ingudea altxatzen eta palan ere aritu ziren.

Hernaniko Errugbi elkarteak V. Inklusibo txapelketa antolatu zuen joan den larunbaterako, eta sari banaketa XVIII. Garagardo Azokan izan zen, Xabi Prietoren babesarekin. Etxeko taldearekin batera, Toledoko El quijote, Cullera RC eta Asturiasko Asociación Llanarense de Rugby taldeak ere izan ziren. Gainera, Bultza Ligan aritu diren Getxo R, Uni Bilbao Rugby et Arrasate TB taldeen bisita ere jaso zuten hernaniarrek, Landaren. 

Sari banaketa egin bazuten ere, Hernaniko Inklusibo Txapelketan talde guztiak izan ziren garaile, eta guztiek eraman zuten garaikurra. Horretaz gain, Cullera taldeak (Cullera Rugby taldearen barruan dagoen Trust Rugby Spain El Clan elkartea) eraman zuen Inklusibo sariaren txapela etxera. Talde bakoitzeko arduradunek eta epaileek bost parametro izan zituzten taldeak baloratzeko, hala nola, partaidetza denborari dagokionez eta jokoari dagokionez, joko garbia, alaitasuna eta giro ona, eta, azkenik, taldearen maila teknikoa. Txapelketako partehartzaile guztiek, hirugarren denbora Atsegindegin egin zuten, XVIII. Garagardo azoka aprobetxatuz. 

 

Helburu bikoitza, sentsibilizazio saioak 

Aniztasunak elkartzen gaitu sentsibilizazio kanpainak, helburu bikoitza du: batetik, herriaren aurrean inklusibotasunari ikusgarritasuna ematea; eta, bestetik, txapelketako partaide guztiei tarte ludikoa eta sozializatzailea eskaintzea. Horretarako, taldeetako jokalariek, kolore ezberdinetako kamisetak jantzi zituzten, eta nahastu egin ziren, denek denen aurka jokatzeko. 

Errugbiaz gain, txingetan, lokotxetan, sokatiran, harria jasotzen, ingudea altxatzen eta palan aritu ziren, Etxeberria Ikutza anai-arrebak gidatuta. txistulari eta zenbait musikarirekin, Atsegindegira abiatu ziren hirugarren denboraldiaz gozatzera, eta bertan zegoen Xabi Prieto, garaikurrak banatzeko prest.

Erlazionatuak

Inklusibo Txapelketa Landaren

Kronika - Erredakzioa 2022 eka 11 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!