Bi urteren ostean, 'Maialen' bueltan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 14a, 00:00

Gipuzkoako Traineru Txapelketan aritu ziren arraunlari hernaniarrak, Hondarribian, eta azken postuan amaitu zuten.

Gipuzkoako Traineru Txapelketa izan zen joan den igandean, Hondarribian, 11:00etan hasita. Hantxe izan zen Maialen trainerua, bi urteko geldialdiaren ostean. Denera, bederatzi taldek parte hartu zuten, eta azken postuan amaitu zuen Hernanik, 11:47,46 denborarekin. Hala ere, klubetik nabarmendu dute «lan txukuna» osatu zutela arraunlariek. Beraz, lanean jarraitzea besterik ez da gelditzen. Aurreko asteetan aipatu dutenez, «buru-belarri» ari dira lanean, eta martxa bera jarraituko dute prestakuntza lanean. 

 

Hernaniarrak beste hainbat taldetan, Gipuzkoakoan

Txapelketan parte hartu zuten zenbait taldetan ere badira arraunlari hernaniarrak. Eider Barbak lehenengo postua lortu zuen Oriorekin, 10:44,64 markarekin. Donostiarrarekin, berriz, Uxue Alberdik egin zuen arraun, eta laugarren amaitu zuen sailkapenean, 10:57,44 denborarekin. Hibaikak bosgarren egin zuen, 11:09,02 denborarekin, eta traineru horretan ere badaude hernaniarrak: Garazi Arabiatorre, Jone Pastor eta Ihintz Larrañaga. Azkenik, Hondarribian daude Miren Garmendia eta Maider Perez, eta seigarren bukatu zuten, 11:15,76ko markarekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!