Enrique Aguayo hernaniarraren familia, gorpuzkien bila Begoñan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 11a, 00:00

Gerra Zibilean nazionalek hil zuten Artxandan, buruan tiro eginda, eta bilobek Altzan lurperatu nahi dute, «amonarekin eta aitarekin batera».

Gerra Zibileko milizianoen eta gudarien 64 familia Gogorarekin harremanetan jarri dira, oraindik identifikatu gabe dauden Begoñako hilerriko hilobi haundiaren 37 gorpuzkien artean haien gertukoa aurkitzeko. Artxandako batailan bere senideen arrastoa galdu zuten pertsona horien artean daude Enrique Aguayo miliziano hernaniarraren hiru bilobak. Ezer gutxi edo ia ezer ez dakite, Hernanitik joan behar izan zuenetik gertatu zenaz: zein izan ziren bere bizitzako azken orduak, eta nola iritsi zen bere gorpua Bilboko hilerrira. Aguayo gaztea Asuncion Garderekin ezkonduta zegoen, eta senarraren arrastoa galdu zuen unean bere lehen seme bakarraz haurdun zegoen. Asuncionek paper bat gorde zuen beti kutxatxo batean, eta bertan honako hau irakur zitekeen: «Enrique Aguayo ekainaren 17an hil zen Artxandan, buruan tiro eginda».

Alfredo Aguayo bilobak, hari hartatik tiraka Begoñako gorpuzkien berri izan zuenak, kontatu du aitonak Zubietako hipodromoko zaindari gisa lan egin zuela, eta horregatik zuela arma-baimena. «Nazionalak sartu zirenean, zerrenda batean zegoen, eta 36ko uda hartan korrika alde egin behar izan zuen. 85 urte igaro dira, baina gure nahia da aitona aurkitu eta amona eta nire aitaren ondoan Altzako hilerrian lurperatu ahal izatea», azaldu zuen Alfredok, hunkituta. Alfredok DNA lagina bidali du identifikazio-prozesu bati ekin ahal izateko. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!