Kantxatik hondartzara pasa dira Hernaniko boleibol jokalariak, eta bi bikote izan dira azpitxapeldun

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 11a, 00:00

Pol Vila eta Aitor Lizarazu (ezkerrean), Cantabriako Sari Nagusiko podiumean.

Aitor Lizarazu azpitxapeldun izan zen Cantabriako Sari Nagusian, Pol Vilárekin; eta Natale Esnaola eta Miranda Hidalgo ere bigarren, 17 urtez azpiko Gipuzkoako Txapelketan.

Urtero bezala, udaberria iristean, boleiboleko jokalariek kantxa utzi eta hondartzara egin dute salto, «gustuko kirola egitera», Hernaniko Boleibol Taldetik azaldu dutenez. Eta noski, Hernaniko jokalariek ez dute huts egingo, txapelketa ezberdinetan. 

Joan den asteburuan, Donostiako Zurriola hondartzan, 17 urtez azpiko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen. Nesken 17 bikote eta mutilen bederatzi bikote aritu ziren, eta Hernaniko makina bat bikote zeuden tartean: «kirol modalitate honek hartu duen indarrarekin, ezinbestekoa da Hernanin praktikatzeko kantxa edukitzea, emaitzetan islatzen baita hori».

Txapelketan parte hartu zuten bikote hernaniarren artean, Natale Esnaolak eta Miranda Hidalgok lortu zuten emaitza onena: txapeldunorde izan ziren, Tolosako bikote baten atzetik. Hernaniko taldetik diote, nagusitasuna nabaria zela: «urteak dira Tolosan hondartzako kantxak dauzkatela; are gehiago, kantxa estaliak dauzkate, eta beraz, urte osoan entrenatzeko eta prestatzeko aukera izan dute. Gure jokalariek, Donostiara joan behar dute horretarako». Hala ere, diote parte hartzea dela «garrantzitsuena». 

Joan den asteburuan bertan, Euskal Herritik kanpo ere aritu ziren taldeko jokalariak. Kantabriako Sari Nagusian hartu zuen parte Aitor Lizarazu hernaniarrak, Pol Vilá kataluniarrarekin bikotea osatuta. Estatu mailako txapelketa da, eta sekulako emaitza lortu zuten: txapeldunorde izan ziren. Gainera, txapeldun izan zen bikotean, Cesar Menendez zen jokalarietako bat, Espainiako selekzioarekin aritzen dena.

 

Natale Esnaola eta Miranda Hidalgo.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!