CD Hernaniko urrezko domina jaso zuen Jon Loranek, futbol atalaren denboraldi bukaerako bazkarian

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 11a, 00:00

Jon Loran, urrezko domina jasota, Ricardo Ramos eta Martxelo Ezpondarekin.

Aurreko larunbatean egin zuten ohiko bazkaria jokalariek, entrenatzaileek, zuzendaritza taldeko kideek eta boluntarioek. Denboraldiari errepasoa egin zioten, eta errekonozimendua egin zieten taldeko hainbat kide eta jokalariri.

Egun berezia izan zen aurreko larunbatekoa, CD Hernaniko futbol atalarentzat: denboraldi bukaerako bazkaria egin zuten klubeko jokalariek, entrenatzaileek, zuzendaritzako kideek eta boluntarioek. «Denboraldi osoan zehar elkarren ondoan egon ohi gara, baina arrazoi bat edo beste tarteko, ez dugu tarterik hartzen denboraldiko gorabeherez hitz egiteko elkarrekin. Ondorioz, oso une berezia izan ohi da denboraldi amaierako bazkaria. Horrelakoetan ohikoa den bezala, denboraldiari errepasoa egin eta hurrengo denboraldirako asmoei buruz aritzen gara», azaldu dute klubetik.

Hala izan zen aurtengo bazkarian ere, eta CD Hernanitik adierazi zuten, «pozik» daudela denboraldiarekin. «500 neska-mutil inguru aritu dira euren gustuko kirola egiten, balio batzuk eta egiteko modu batzuk barneratzen zituzten bitartean: errespetua, talde lana eta esfortzua», nabarmendu dute. Denboraldi honetan uholdeek izan duten eragina ere aipatu zuten: «kostata, baina auzolanari esker, egoera bideratzea lortu genuen. Eskerrak eman nahi dizkiegu, egun haietan Zubipeko instalazioak garbitzen aritu ziren guztiei». Eta adierazi zuten, Hernaniko Udalarekin sinatutako hitzarmena izan zela «denboraldiko bigarren mugarria», horrek emango baitie aukera «elkartea sendotzeko eta Zubipeko instalazioak hobetzeko. Ea denon artean asmatzen dugun!».

Omenaldiekin borobildu zuten bazkaria, eta Jon Lorani egin ziotena izan zen nabarmenena: elkartearen urrezko domina jaso zuen, «urte luzez egunero-egunero egin duen lan nekaezinaren aitortza gisa». Gainera, denboraldiko jokalari eredugarrienak ere aukeratu zituzten bazkarian, eta azpimarratu zuten Miguel Lujanbiok, Joxan Arabiotorrek, Iker Urkiolak eta Kolonbok egiten duten «etengabeko ekarpena; beraiek gabe, ezin izango genuke gure egitasmoa aurrera atera».

Eta azkenik, datorren denboraldira begira jarri ziren: «egia esan, ez zaigu erronkarik faltako, 2022-2023 denboraldian ere. Neska-mutil zoriontsuak ikusteko amets gehiagoren bila jarraituko dugu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!