22garren edizioa izango du Azeri Bila lasterketak datorren larunbatean, eta izenematea zabalik dago

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 11a, 00:00

CD Hernaniko atletak eta entrenatzaileak, Azeri Bilako kartelekin eta dominekin.

Arratsaldeko 17:30etan hasiko dira haur eta gazteen lasterketak, eta 18:30etan abiatuko da helduena Urbieta kaletik, ohiko ibilbidearekin (8 kilometro). Internet bidez eman behar da izena, 8 euroan: 'rockthesport.eus' eta 'kronoak.com'.

Beste hainbeste lasterketari bezala, bi urteko etenaldia eragin dio pandemiak, Azeri Bilari ere. Baina etenak ahultzetik urrun, bueltan da Hernaniko lasterketa herrikoia, bere 22garren edizioarekin. Datorren larunbatean jokatuko da, ekainaren 18an; ohi bezala, San Joan jaien atarian. 

Arratsalde osoko kirol festa izango da Urbieta kalean. Izan ere, 17:30etan hasiko dira haur eta gaztetxoen lasterketak, adin guztietako korrikalariekin, distantzia ezberdinak osatuz: Haur Hezkuntzakoek, 150 metro; Le­hen Hezkuntzako 1 eta 2 mailetakoek, 300 metro; LHko 3 eta 4 mailetakoek, 600 metro; LHko 5 eta 6 mailetakoek, 1.200 metro; DBHko 1 eta 2 mailetakoek, 2.400 metro; eta DBHko 3 eta 4 mailetakoek, 4.500 metro.

Haiek guztiek, ekainaren 16ra arte eman dezakete izena, CD Hernaniren atletismo sailaren lokalean, Sagastialdeko pistaren ondoan. Astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan egongo dira bertan, arratsaldeko 18:30etatik 19:30etara. Lasterketaren egunean ere izango da apuntatzeko aukera, irteera gunean, 16:00etatik aurrera.

 

8 kilometro, herrian barrena

Helduen lasterketa, berriz, arratsaldeko 18:30etan abiatuko da, eta 8 kilometroko ibilbidea izango du, aurreko bi edizioetako berbera. Bi itzuli emango dizkiote, 4 kilometroko bueltari: Urbieta kaletik Tilosetara, Lizeaga auzora igo, auzoari buelta eman, Atzietatik jaitsi, Kaxkoan sartu-irtena egin, Urbieta kalera bueltatu, kale osoa zeharkatu, Latsunbeberri auzora jaitsi, Ave Maria parkean sartu, eta igerileku irekien parean gorantza abiatu, helmuga gunera iristeko.

Helduen kasuan, internet bidez egin behar da izenematea, eta ekainaren 17ra arte dago epea, 8 euroan: kronoak.com eta rockthesport.com. Lasterketaren egunean ere izango da aukera, irteera gunean, 16 euroan. Partehartzaile guztiek jasoko dute kamixeta bana opari, eta garaikurrak izango dira maila bakoitzeko aurreneko hirurentzat: senior gizonezko eta emakumezkoak (16-40 urte), beterano gizonezko eta emakumezkoak (40 urtetik gora), eta kategoria guztietako hernaniar onenak.

Zenbait nobedade eta aldaketa izango dira aurtengoan. Horrela, anoa guneetan eta oparietan plastikoa murriztu nahi izan dute: dortsalak eta kamixetak poltsarik gabe emango dituzte, eta anoa guneetan ez dute ura botilatan emango, edalontzi konpostagarrietan baizik. Gainera, prezioa ere merketu egin dute, 10 eurotik 8 eurora.

2019an, 161 korrikalarik hartu zuten parte, eta Aitziber Martin hernaniarra eta Jokin Muñoz soraluzearra izan ziren azkarrenak. Gizonezkoetan, podiumean izan ziren Ibai Alba eta Harkaitz Fernandez de Landa hernaniarrak; eta emakumezkoetan, Raluka Ungureanu bermeotarra eta Ainara Errazkin hernaniarra. Partehartzaileen erdia baino gehiago izan ziren hernaniarrak; zehazki, 85 korrikalari. Beste 10 partehartzaile, berriz, astigartarrak izan ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!