Errugbi txapelketa inklusiboa eta herri kirolak gaur, mezu garbi batekin: «aniztasunak elkartzen gaitu!»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 11a, 00:00

Hernaniko eta Getxoko taldeak, joan den urteko Inklusibo Txapelketan.

Bosgarrenez jokatuko dute Inklusibo Txapelketa Landaren, Hernani Errugbi Elkarteak antolatuta, 10:00etatik aurrera. Eta arratsaldean, herri kirolak izango dira Atsegindegin, 17:00etatik aurrera, inklusibotasuna ikusgarri egiteko.

Egun haundia biziko du errugbiak gaur, Hernanin. Izan ere, bosgarrenez jokatuko dute Inklusibo Txapelketa Landaren, pandemiaren aurreko egitura berreskuratuta. Goizeko 10:00etan hasiko da topaketa, eta zazpi taldek hartuko dute parte. Hernanirekin batera, Bultza Ligan aritu diren beste hiru talde izango dira bertan: Getxo, Uni Bilbao eta Arrasate. Eta urrutiagotik etorriko dira beste hiru: Toledoko El Quijote, Valentziako Cullera RC eta Asturiasko Asociación Llanerense.

Goiz osoan zehar, ordu erdiko partiduak jokatuko dituzte zazpi taldeek, eta guztiek jasoko dute garaikurra, bukaeran. Taldeetako batek, gainera, Inklusibo Sariaren txapela ere jasoko du. Sari hori emateko, epaileek eta talde bakoitzeko arduradunek baloratuko dituzte talde partehartzaileak, bost parametro kontutan hartuta: partehartzea denborari dagokionez, partehartzea jokoari dagokionez, joko garbia, alaitasuna eta giro ona, eta taldearen maila teknikoa.

Partiduak bukatuta, Atsegindegin izango du segida festak, eszenatoki onenean egingo baitute hirugarren denbora: Hernani Errugbi Elkarteak antolatu duen Garagardo Azokan. Bertan elkartuko dira torneoko partehartzaile guztiak.

Arratsaldean ere emango di­ote ikusgarritasuna inklusibotasunari, sentsibilizazio saioa berreskuratuko baitute, pandemiaren eraginez bi urtez eten ondoren. Oraingoan, herri kirolak baliatuko dituzte, sentsibilizaziorako; eta Tilosetan jarri dute hitzordua, 17:00etan hasita.

«Helburu bikoitza» izango du saioak, aurreratu dutenez: «batetik, herriaren aurrean inklusibotasunari ikusgarritasuna ematea; eta bestetik, txapelketako partaide guztiei tarte ludikoa eta sozializatzailea eskaintzea, gure kulturaren berri emanez. Taldeetako jokalariek, kolore desberdinetako kamixetak jantziko dituzte; eta ondoren, talde guztietako jokalariak nahastu egingo dira, koloreka».

Txingetan, lokotxetan, sokatiran, harri-jasotzen, ingudea altxatzen eta palan ariko dira partehartzaileak, Etxeberria Ikutza anai-arrebek gidatuta: Idoia harrijasotzailea, hiru aldiz Euskadiko txapeldun izan dena; Gorka pentatloilaria, bi aldiz Euskadiko txapeldun ingudean; eta Imanol prestatzailea.

Musikarik ere ez du faltako gaurko festak, eta herri kiroletan aritu ondoren, Hernaniko hainbat txistularik eta musikarik gidatuta, jai giroan bueltatuko dira Atsegindegira. Bertan egingo dute Inklusibo Txapelketaren sari banaketa, eta garaikurrak banatzeaz arduratuko dira Xabi Prieto futbol jokalari ohia, eta Euskal Errugbi Federazioko, Hernaniko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. Bukaeran, partehartzaile guztiek elkarrekin aldarrikatuko dute aurtengo edizioko leloa: «aniztasunak elkartzen gaitu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!