Maskarillak poltsikora eta San Joanetako zapiak lepora

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 10a, 11:15

Jai Batzordea, Txosna batzordea, Preludio taldea eta Udala, atzo plazan.

Kontzertuak, kale ikuskizunak, txarangak eta hamaika jarduera gehiagok bete dute aurtengo San Joan jaien programazioa: «alaitasunez eta kolorez beteko dira kaleak, aurtengo San Joan jaietan».

Bi urteko etenaldi luze baten ostean, badatoz herriko festak, eta ostegunean, bildu zen Jai Batzordea, Txosna batzordea, Preludio taldea eta Udala aurtengo San Joan jaien egitaraua aurkezteko asmotan. Egingo diren ekintzen xehetasunak emateaz gain, aurtengo berrikuntzen nondik norakoak ere azaldu zituzten. 

Aurtengo jaiak egoera normal batean ospatzeko moduan izango garela ziurtatu zuen Koro Etxeberria Kultura zinegotziak: «eta hau oso pozgarria da, eta Jai Batzordean lanean aritu garen guztiontzat ere bai. Eta herritarrentzat, dudarik gabe. Festa giroak hartuko ditu herriko kaleak, herritarrek alaitasunez beteko dituzte herriko txoko eta bazterrak. Koro Etxeberriak festak antolatzeko jasotako laguntza eskertu zuen aurkezpenean: «joan den urteetan jaien antolaketan parte hartu duten talde gehiengoak aurtengoan ere parte hartu dute, jaiak antolatzen. Eta eskertu nahi dugu laguntza hau, horrek egin baitu posible eskuartean dugun programa hau»

Eskerrak eman ondoren, San Joan jaietako programazioari eman zion hasiera Preludio taldeko Miren Gojenolak, preludioa baita Hernaniko San Joan jaien iragarle: «Ohikoa den moduan, bi preludio egongo dira; ostiralean, ekainaren 17an, musika eskola eta herriko ikastetxeek elkarlanean antolatu eta osatzen duten preludio txikia deitzen dena. Eta hurrengo egunean, larunbata, ekainak 18an, XXVII urte beteko dituen preludioa izango dugu. Incansables txarangari egingo zaio omenaldia, eta Ruth  Martin ere omenduko dugu. Uste dugu Ruthek omenaldi bat merezi duela eta bihotzez egingo diogu eta momentu polita izango da» Eta segida eman zion, kultura zinegotziak honako esaldiarekin: «Seguru bere hutsunea nabaria izango dela. Bejondeizula Ruth!». 

Ohikoa den beste ekitaldietako bat Chillida Lekun ospatzen den Udako Solstizioa da, ekainaren 17an egingo dena. Doos kolektibo dantza taldeak Gorp(huts) emanaldia  eskainiko du. Hernaniko Udalak, Chillida Leku museoarekin daukan hitzarmenari esker hernaniarrek sarrera %50eko beherapenarekin erosteko aukera izango dutela ziurtatu zuten aurkezpenean, hau da, 10 eurotan erosteko aukera egongo da eta dagoeneko eskuragai daude Biterin. 

Nagore Ruiz De Arbulo ere zoriondu zuten, bera izan baita San Joan jaietako kartelaren irabazlea. 

San Joan jaien hasiera eta amaiera Mendiriz Mendi elkarteak eta Langile ikastolak emango diete, eta ondorengo hitz goxoak haientzat izan ziren: «Mendiriz Mendik 75 urte bete ditu mendizaletasuna eta horrek dituen alderdi positiboak sustatzen, pausoz pauso, mendiz mendi, gailurrez gailur… Eta Langile ikastolak 50+2 bete ditu, eskola eredu berri baten alde, pedagogia berri baten aldeko apustua egin zuen 1970ean hain zuzen ere, guraso, irakasle eta herritar talde batek. Geroztik ibilbide ederra egin du, bidea erraza ez izan arren, baina ekinaren ekinez, emaitza ederra izan dela esan daiteke. Urte luze hauetan, bi talde hauetan modu batean edo bestean  parte hartu duzuen guztioi zorionak eta disfrutatu aukera hau» 

 

Berrikuntzak, aurten

Aurtengo programa zabala bezain anitza dela errepikatu zuten aurkezpenean,: «jarduera gehienak urtez urte errepikatzen dira, baina tarteka berrikuntzak daude, haietako batzuk aipatuko ditugu: bat haurrek hainbeste maite dituzten erraldoiak eta buruhaundiak izango ditugu, aurten gainera ikusgarriak eta bereziak izango dira. Herburu taldea osatzen duten talde indartsu berri bat sortu da, neska eta mutilek osatuta. Bi erraldoi berri daude, zoragarriak eta gure ustez umeen gozamenerako aproposak izango direnak; Goiz Eguzki jubilatuen elkarteak, Hartubol kirol jarduera egingo du San Joan jaietan. Galiziaren aurka jokatuko dituzte herritarrek hainbat partidu; Loratuz Lotu elkarteak eta EGHAM elkarteak harrotasun aldarrikapen karroza antolatu dute, Zuttik elektrotxarangarekin batera aterako dira. 

Jarraian, musika eta dantzari buruz jarduteko, Nagore Irastorza kultur teknikariak hartu zuen hitza, ondorego xehetasunak azalduz: «Korok aipatu moduan, saiatu gara adin guztietarako eta estilo ezberdinetarako musika eskaintzen. Aurtengo kontzertu nagusia, ekainaren 26an izango da, Bulego taldearena. Gudarien plazan izango da, eta jarraipena emango dio DJ Bullek, Ezkiaga pasealekuan, ordu txikiak arte. Era berean, dantzaldiak eta berbenak ere izango dira aurtengo jaietan, besteak beste, Laket eta Laiotz taldeekin. Beste estilo batzuk ere jorratuko ditugu, besteak beste Puro Relajo taldea ekainaren 27an. Ekainaren 24an, Spirit taldea ere izango dugu gure artean estreinakoz, eta emakumeekin ahotsekin osatutako talde bat da. Ikuskizunei dagokionez, familia giroan ikusteko aproposak dira. Nabarmendu nahiko nuke, Ulterior… bidaia zirku ibiltaria izango dela ekainaren 23an. Zirkua, antzerkia eta magia ere izango dugu aurtengo jaietan. Dantza ikuskizunei dagokionez, hainbat estilo uztartuko dira, besteak beste, urbanoa eta garaikidea, Dye Dye emanaldiarekin. Biterin izango da eta oso ikuskizun koloretsua izango da. Eta jaiak amaitzeko, urtero moduan, piroteknia ikuskizunaz gozatzeko aukera ere izango dute herritarrek, Deabru Beltzak taldearen eskutik, Su danborrak emanaldia ekarriko dute».

Irastorzak eman behar zituen xehetasunak amaituta, Txosna batzordeko arduradunetako batek, Amaia Altunak, ordutegiei buruzko zertzelada txiki batzuk eman zituen: «Txosna bakoitzak ekintza desberdinak antolatu ditu. Ordutegiei dagokionez, 23an, 24an eta 25ean arratsaldeko 19:00etan irekiko dira Txosnak eta goizeko 07:00ak arte mantenduko dira irekiak, eta 26 eta 27an, arratsaldeko 19:00etan irekiko dira, eta goizeko 06:00etan itxiko dira». 

 

Indarkeria matxisten aurkako protokoloak

Itsaso Lekuonari pasa zioten hitza, eta berdintasun zinegotziak, indarkeria matxista ekarri zuen mahai gainera: «zoritxarrez bada ere, beti da garrantzitsua jaietan indarkeria matxistari aurre egitea. Eta Hernanin urteak daramatzagu bai herri mugimendua, batez ere mugimendu feminista eta baita udala ere, indarkeria matxistaren aurka egiten.  Azkenean festak guztiontzat gozagarriak izan daitezen, ezin ditugu onartu ez eraso matxistarik, ez eta eraso arrazistarik ere. Dei egiten dugu eraso horien konplize ez izateko. Eraso hauei aurre egiteko, beharrezkoa da koordinazioa eta kasu honetan, jaietan koordinatuta egongo gara alde batetik koordinadora feminista, Hernaniko Udala, herriko tabernak, eta baita Udalak kontratatu duen Emagin elkarte feminista. Elkarte feminista hau izango da arduratuko dena, Tilosetan egongo den indarkeria sexistarik gabeko gunean herritarrei behar duten argibide eta informazioa emateaz. Batez ere, eraso baten aurkako kontzientziazioa landuz. 

Horrez gain, 24 orduz arreta telefono bat izango dugu (688 685 164), eta honen berri ere emango da Tilosetako gunean. Telefono honek jaiak hasten direnetik amaitu arte iraungo du martxan, 24 orduz. Beraz, edozein eraso gertatzen bada, deitu.  Indarkeria sexistarik gabeko gunea zabalik egongo da, 23an, 24ean eta 25ean, eta edozein bertaratu daiteke informatzera. Espero dugu denak jaiez gozatu ahal izatea eta ondorioz, erasorik ez gertatzea». 

Amaitzeko, 2022ko San Joan jaien programa brailez dagoela gogorarazi zuten, eta kultura.hernani.eus webgunean ere modu irisgarrian ikusteko aukera ere badagoela nabarmendu zuten. Barrakak aurreko urteetan bezala Karabelen jarriko dira eta Udaltzainak Urbieta kalean egongo dira. Aurkezpena amaitutzat emateko, honakoa gehitu zuen Koro Etxeberriak: «Errespetuz eta umore onez igaro ditzagun jaiak. Eskerrik asko». k

Hemen 2022ko San Joanetako programazioa ikusgai: 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!