Herriko ikasleek Eskolako Agenda 2030ean egindako lanketa aurkeztu zuten Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 9a, 00:00
Herriko ikasleak, irakasleak eta Udal ordezkariak atzo, Eskola Agenda 2030eko Osoko Bilkuraren ostean.

Makina bat ikasle bertaratu zen Pleno aretora, eta egindako lana mahaigaineratzeaz gain, proposamenak aurkeztu zizkioten Osoko Bilkurari.

Udaletxeko Pleno aretoa ikaslez bete zen atzo goizean. Hain zuzen, herriko ikastetxe guztietako ordezkariak bertaratu ziren Eskolako Agenda 2030 programaren lanketan aurten ateratako ondorioak eta proposamenak Osoko Bilkuran aurkeztera. 

Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasle mordoak hartu zuen parte atzoko saioan, eta banan-banan hitza hartua, ederki aurkeztu zuten ikastetxean egindako lanketa, hartutako konpromisoak eta Udalari zuzendutako proposamenak. Proposamenen txandan, erreleboa hartu zuten Xabier Lertxundi alkateak, Ane Ibarburu kirol zegotziak eta Koro Etxeberria kultura zinegotziak, eta ikasleen iradokizunei erantzun zieten.

 

15. helburua: Lehorreko ekosistemetako bizia

Duela 18 urte eman zioten hasiera Eskolako Agenda 21 programari eta, ordutik, aldaketak izan dira. Gaur egun, egitasmoaren izena da Eskolako Agenda 2030. Ordutik, urtero parte hartu dute herriko ikastetexeek, eta konpromiso tinkoak hartu dituzte ingurumenaren eta jasangarritasunaren alde. 

Agenda berri horretan, Garapen Jasangarrirako 17 helburu finkatu dira eta, aurten, iazko helburu bera landu dute, hamabosgarrena: Lehorreko ekosistemetako bizia. Oso helburu zabala denez, iaz basoak aztertu zituzten eta, oraingoan, berriz, larretan, zelaietan eta larreetako loreetan jarri dute arreta. 

Ikasturte osoan, lanketa bikaina egin dute ikastetxeetan, eta, herri diagnostikoa osatuta, atzoko saioan punta-puntako proposamenak egin zizkieten Udal ordezkariei. Horregatik, Osoko Bilkurak eskerrak eman zizkien bertaratzeagatik eta, horrekin batera, nabarmendu zuten «pozgarria» dela horrelako ardura eta konpromisoa azaldu izana, eta «bide beretik» jarraitzeko mezua luzatu zieten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!