Urriaren 8an amaituko da erronka

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 9a, 00:00

Hilabete gutxi barru, Sarek amaitutzat emango du proposatutakoa: 3.127.326 km egitea. Egun osoko egitaraua antolatu du egun horretarako. 

Datorren urriaren 8an, Sarek amaitutzat emango du orain dela bi urte ezarritako erronka: 3.127.326 kilometro egitea. «Hau da, Euskal Herrian dauden biztanle adina kilometro egitea bizikidetzaren, bakearen eta euskal presoen etxeratze-prozesuaren alde».

Erronka horri urrian emango diote amaiera, baina, ordura arte, bidea egiten jarraitzera animatu ditu herritarrak. «Urte luzeetan urruntze-politikaren amaiera eskatu duten pertsona guztiak batzea da asmoa, guztion bultzadaz, salbuespenezko espetxe-politikari amaiera emateko».

Gauzak horrela, egun osoko egitaraua antolatu du, urriaren 8rako: goizean azken kilometroak egin eta aldarrikapenez Donostia betetzeko manifestazio koloretsua antolatu du, eta ondoren, Ilunben, jaialdi ederra.

Sarrerak 23 euroko prezioa dauka, baina 10 lagunentzako bonoak 20 eurokoak izango dira. Hauxe da sarrerak erosteko esteka: https://sare.eus/urriak-8/.

Bestalde, etzi, hilaren 11n, Sarek mahaia jarriko du Plaza Berrin, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara. Materiala erosteaz gain, informazioa eskuratzeko aukera ere izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!