'Errotu' Gazte Asanblada berria aurkeztu zuten ostiralean Tilosetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 6a, 00:00
Tilosetako eskaileretan aurkeztu zen Gazte Asanblada berria.

Hernaniko gazte mugimendua «elikatu eta zabaltzeko xedea du», herriko Gazte Asanblada berriak.

Ostiralean, Tilosetan, hernaniar gazte talde batek, Errotu Hernaniko Gazte Asanblada berria aurkezte zuten. Beraz, Hernanin orain, bi Gazte Asanblada daude.

Aurkezpenean idatzia irakurri zuten sortzaileek. «Denbora luzea goaz gazteria eta gaztaroa ardazten duten balioak krisian daudela esanez. Baina oraindik asko gara beste herri eta jendarte bat posible dela uste dugunok, bizi baldintza duinen alde borroka egiten dugunok eta hau lortzeko egunero lan egiten dugunok».

Azken hilabeteotan, «aipatutako problematika honetan sakondu dugu Hernaniko gazte mugimenduan. Martxoan Gasteizen izandako Zartada ekimenak Hernaniko Gazte Mugimenduaren suspertze bat ekarri zuen, eta herriko eragile desberdinetako zein hainbat norbanakok ereindako loraldiari jarraipena emateko hautua egin genuen».

Hilabete luzeetako hausnarketa eta gero «prozesu baten ondorioz sortu da Errotu Gazte Asanblada. Saretzeko, elkartzeko, indarrak batzeko, eta alternatibak eraikitzeko asanblada berri bat, guztiontzat irekia eta anitza izango dena. Balio feminista eta euskaldunak izango dituen espazio honek, autogestioa izango du oinarri, eta Hernaniko gazte mugimendua elikatu eta zabaltzeko xedea izango du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!