«Ez da posible izango plana aurrera eramatea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 5a, 00:00

Elkarrekin Podemos abstenitu egin zen gerakina aurrekontura gehitzeko garaian. «8 milioi euroko gerakinak kudeaketa txarra islatzen du».

Asteartean Udaleko gerakina 2022ko aurrekontura gehitzea onartu zen. Elkarrekin Podemos abstenitu egin zen eta bere botoaren arrazoiak eta proposamenak herritarrei ezagutarazi nahi dizkie. «Abstenitzea erabaki dugu, ez proposamen askoren aurka gaudelako, baizik eta susmatzen dugulako, azken urteetako exekuzio-maila ikusita, ezin izango dela gauzatu hain asmo haundiko plana, eta, beste behin ere, diru hori 2023ko gerakinera pasako dela».

«8.000.000 euro baino gehiagoko gerakina duen Udal batek aurrekontu-kudeaketa txarra islatzen du, besterik gabe. Kopuru hori ez dagokio aurrezteari edo zergen bidez gehiago biltzeari, ez, kopuru hori konprometitutako eta gauzatu gabeko proiektuetatik ateratzen da», dio Elkarrekin Podemos Udal taldeak.

 

«Goiz Eguzkin inbertitzea beharrezkoa ikusten dugu eta kalea garbitzeko makina elektronikoa ere bai»

Podemosek 250.000 euroko proposamenak aurkeztu dizkio gobernu taldeari. «Gure lehen proposamena, azken urte hauetan aurrekontu orokorrak negoziatu ditugun bakoitzean eskatzen ari garen bera da, Goiz Eguzkin inbertitzea. Premiazkoak bezain merkeak eta errazak diren premia batzuk daude».

Bigarren proposamena soinuaren mapa, aspaldi egina, oroitzapenen kutxatik ateratzea da. «Horri lotuta, 150.000 euroan erosiko den kaleak garbitzeko makina elektrikoa izatea eskatzen dugu».

Gudarien plazako iturria «berritzea bezain oinarrizkoa den zerbait eskatu behar izan dugu». Eta azkenik, «haurrentzako parke bat estaltzea proposatu dugu».

Podemos alde dago Gobernu taldeak aurkeztutako proposamen askorekin, adibidez, «trantsizio energetikoarekin lotutakoekin, Lursailak edo landa-bideak konpontzea, eta Gobernu-taldeari ere interesgarriak iruditu zaizkio gureak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!