Lastaola industrialdeko saneamendu sarea berrituko du, Añarbek

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 4a, 00:00

Inbertsioen aurrekontua 282.081 eurokoa da, eta lanak bukatuta egon litezke urte amaierarako.

Añarbeko Uren Administrazio Kontseiluak Hernaniko Lastaola industrialdeko saneamendu sarean berritzeko obren lizitazioa onartu du, 282.081 euroko zenbatekoan hain zuzen ere. Añarberen arabera lan hauen bitartez Urumea ibaiaren ibilgua sifoi baten bidez gurutzatzen duen kolektorearen ordez kolektore berri bat jarriko dute, zubira itsatsita: «sifoi hori hondatuta dago, behar bezala mantentzeko zailtasunak direla eta». 

Gainera, Lastaola industrialdeko batzarreko «hondakin uren ponpaketa estazioa ere berrituko da, poligonoaren behe-aldeko erabiltzaileei ez ezik, bertako goiko zatiko erabiltzaileei (Ubis zintak...) zerbitzua eman ahal izateko» nabarmendu dute. Era berean, obrak amaitu ostean, estazioa Udalaren titulartasunekoa izango da: «eta modu honetara instalazioaren mantentze eta funtzionamendu hobea bermatuko da».

Horrez gain, berritu behar de kolektorearen tartea, diote Urumeako kolektorearen partea dela, eta «horrek Ereñotzu, Fagollaga eta Epele eremuetako hondakin urak biltzen ditu, Donostiako Loiolako HUAra (hondakin uren araztegia) bideratzeko». 

Añarbek aditzera eman du obra hauek uda ondoren hasiko direla aurreikusi dutela, eta hiru hilabeteko epea izan dezaketela: «beraz, obrak 2022garren urte bukaerarako buka litezke gutxi gorabehera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!